Juan Mari Mujika «Poliziaren izenean» bahituta
Abenduaren 13an egunero bezala ogia eta egunkaria erostera joan zen Juan Mari Mujika Donapaleura (Nafarroa Beherea). Autoan sartzekotan zela, lau lagun joan zitzaizkion Frantziako poliziak zirela erranez frantsesez. Deklarazioa hartu behar ziotela jakinarazi zioten, eta Mujika haien autoan igo zen inongo susmo txarrik gabe. Lasaitasunak, ordea, gutxi iraun zuen polizia etxera ez zihoazela oharturik urduritzen hasi baitzen. Hori ikusirik ustezko poliziak irriz hasi ziren. «Ongi engainatu zaitugu», gaztelania garbian.
Behaskanen (Nafarroa Beherea) dagoen urtegi batera eraman zuten. Mujikak kontatzen duenez, han umiliatu zuten. Oroitarazi zioten alaba kartzelan zuela garai hartan, eta emazteak Segiko kide izatea leporatuta atxilotzeko euroagindu baten pean zegoen lagun bat ekarri ziola etxera, eta horregatik hura atxilotuko zutela. Baina egoerak irtenbide erraza zuela erran zioten. Haiekin kolaboratzen bazuen, behintzat. Ez zuten jo ez hunkitu, baina harrokerietan ibili zirela nabarmentzen du Mujikak. «Batek eskularru handiak jarri zituen. Agian presioa areagotzeko». Ordu eta erdi atxiki zuten, guztiz baztertuta dagoen urtegian, baina norbaitek Mujikaren falta sumatuko zuela beldurtuta aske utzi zuten, eta arratsalderako beste hitz ordu bat jarri zioten. Ez bazen agertzen «bizitza izorratuko» ziotela mehatxatu arren, Mujika ez zen joan.
Une hartan Mujikak oso gaizki pasatu zuen, «txikituko» zutela uste zuen. Lakua ikustean Igor Porturen tortura salaketa etorri zitzaion burura. Hura ere ur bazter batera eraman zuten atxilotu eta gutxira. «Argi nuen urean sartu baninduten, aurreraka egingo nuela eta ez atzeraka. Momentu hartan nahiago nuen hil haien eskuetan egon baino».
Zalantzarik ez dauka, bere bahiketaren atzean Espainiakoeta Frantziako Poliziek elkarlanean egindako operazio bat dela.Lauretatik bik hasieran baizik ez zioten hitz egin, eta Frantsesez. Hortik aitzinera, berriz, beste biak eta gaztelaniaz. «Jende asko harritzen da Frantziak horrelako bahiketetan parte-hartzea, baina ni batere ez». Horren froga ematen du joan den uztailean berekin bizi den lagunari Frantziako polizia batzuek esan ziotena hura atxilotzean euroaginduagatik. «Zer uste duzu Mujikari gertatu zaiona gertatuko zaizula. Badakizu salaketa jarri digula. Aurpegia behar da gero».
Anzaren kasuari buruz galdetzean, Poliziari leporatzen dio, baina ez dauka argi egoera eskuetatik joan zaien edo besterik gabe hil duten. «Nire kasuan, behintzat, argi daukat beldurra sortzeko izan dela, bai errefuxiatuen artean, baita mugitzen diren pertsona guztien artean ere».
Daniel Saralegi Beldurtzeko bahiketa
Martxoaren 22an, Daniel Saralegi etxera zihoan 03:30ean lagunekin egon eta gero. Kale iskin bateanhaien burua Espainiako poliziatzat jo zuten bi gizon joan zitzaizkion. Bera zela ziurtatu ondotik harekin hitz egin behar zutela erran zioten. Batek besotik hartu eta Citroen Xsara zuri batean sartu zuten. Nora zihoazen ikusi ez zezan burua hanken artean jarrarazi zioten. Industrialde batera eraman zuten, eta, hortik bi ordura, pisu batera, buru gainean jertse bat jarrita. Azkenean, kalean utzi zuten 11:00etan.
Saralegik argi du ez zebiltzala informazio eske. Gora Iruñea jaien aldeko plataformari buruz eta San Fermin Txikitori buruz galdekatu zuten. Galdera arruntak ziren, Saralegiren arabera, plataformaren webgunean aurkitu daitezkeen informazioak.
Poliziak zirela esan baitzioten, Saralegik ez du dudan jartzen hala ez zirenik. Zazpi ordu eta erdiz atxiki zuten. Bere buruaz barre egin bazuten ere, ez zuten hunkitu. Hala ere, beldurra pasatu zuen. «Ez nekien zenbat denbora edukiko ninduten, eta pentsatzen nuen jipoituko nindutela». Anzaren desagertzeari buruz, Saralegik zalantza gutxi dauzka. «Uste sendoa daukat hil egin dutela».
Lander Fernandez Aske, lekukoei esker
Lander Fernandez bahitzen bitan saiatu ziren, baita lehen aldian, maiatzaren 19an, lortu ere. Bilboko San Inazio Elorrietako institututik ateratzean bi lagun joan zitzaizkion, eta besotik hartuta auto batean sartu zuten. Erandioko (Bizkaia) utzitako industrialde batera eraman zuten. Hura hamar urtez kartzelan sartzeko nahiko froga zutela erran zioten, eta ez sartzekotan haiekin kolaboratu behar zuela. Aski zuen «gazteak zerbait egiteko asmoa» zuen aldi oro jakinaraztea. 20 minutuz atxiki zuten, eta berriro institutura eraman zuten norbait ohartuko zela beldur baitziren, Fernandezen arabera. Baldintza bat jarri zioten, ordea, klasetik ateratzean berengana joateko.
Eguna bukatzean etxera itzuli zen, arazorik gabe. Handik aurrera, instituturako joan-etorriak lagunduta egin zituen, maiatzaren 27a arte. Lagunek etxeko ataritik 20 metrora utzi zuten. Tarte horretan bi pertsona etorri zitzaizkion aurretik, eta bertze bat atzealdetik. Harrapatu zutenean, Fernandezek «bahitu nahi naute oihukatzen hasi» zen. Klinex bat ahoan sartuta kale txikiago batera eraman zuten, baina iskanbilak lekukoen arreta deitu zuen. Jendea balkoietara atera zen, bere ama berriz etxeko atarira. Fernandezek kontatzen duenez, orduan urduri jarri ziren, eta atxiloketa bat zela sinetsarazi nahi izan zuten, eta «pistola non daukazu?», oihukatzen hasi ziren miatzen zuten bitartean. Bat-batean alde egin zuten, bakean ez zutela utziko ohartaraziz. Geroztik jakin ahal izan duenez, lekukoei ezer ez zutela ikusi esaka aritu ziren alde egitean.Momentu hartan ez zuen bere burua arriskuan ikusi Fernandezek, baina onartzen du urduri jarri zela ez baitzekien zer gertatuko zen. «Ez ninduten hunkitu, eta armarik ez nuen ikusi».
Haren ustez, bahitu zutenak ertzainak ziren. Hasieran argi ez bazuen ere, egun batzuen buruan gertatu zena ikusita ez dauka zalantzarik. Haren susmoak lehen aldiz bahitu zutenean hasi ziren,orduan ertzainak zirenik esan ez bazioten ere, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izendatu berriarekin gauzak aldatuko zirela esan baitzioten. Nahita esanen ziotela ez zuen baztertu orduan. Baina ikusirik bi aste Venezuelan pasatu eta gero espetxeratu zutela bi egun lehenago Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalera igorri zuen txosten batengatik, bere zalantzak barreiatu ziren. Haren ustez, bahitzaileek mehatxuak bete zituzten. Bi asteren buruan aske gelditu zen 40.000 euroko bermea ordainduta.
Anzari buruz galdetuta, Fernandezek ez du berehala erantzuten. Baina, haren ustez, eskua joan zaie. «Gertatzen ari diren bahiketen artean kasurik larriena da Anzarena. Ez da itzuliko».
Alain Berasategi Mendian torturatua
Alain Berasategik ere ez zuen espero bahituko zutenik. Uztailaren 17ko 19:00etan Iñaki Artola delako batekin gelditua zen Irunberrin (Nafarroa) bertako mendialdeko borda baten zaharberritzeari buruz hitz egiteko. Berekin eta bere ustezko bikotekidearekin mendira joan ziren 4x4 batean, eta autotik atera bezain laster burua estalita zuten hamar lagunez inguratuta gelditu zen. Kontatzen duenez, gainera etorri zitzaizkion, lurrera bota zuten, eta bat kolpeka hasi zitzaion besteek fusilekin apuntatzen zuten bitartean. Etakidea zela esaten zioten, eta erakundeari buruz zekiena errateko. Bi orduz egon zen haien artean belauniko lurrari begira. Poltsa eta guzti egin zioten. Zehazten duenez bost aldiz. Bihotzetik operatuta zegoela erran zienean barrezka hasi ziren. Bizkitartean mehatxuak etengabeak ziren. Hura espetxeratzeko nahiko froga zutela, besteak beste.
Ezer ez zutela lortzen ikusirik «lasaitu» zirela dio Berasategik. Haiekin kolaboratzeko eskatu zioten, lana emango ziotela hitz emanez, baita diru bete maleta bat erakutsi ere, «filmetan bezala». Azkenean bertze hitzordu bat jarri zioten, eta mehatxatu egun zuten ondoko asteko asteazkenean agertzen ez bazen berari eta senideei bizitza izorratuko zietela. Zazpi orduz atxiki zuten, eta autoa zuen lekutik 200 bat metrora utzi zuten biharamuneko 02:00etan.
Berasategik dioenez, ez zuen gertatzen ari zenaz konturatzeko astirik izan, baina, hasieratik, «hau serioa da» pentsatu zuen. Kezka nagusi bat izan zuen buruan bahiketak iraun zuen momentu oro. «Inork ez zekien han nintzenik. Etxetik eramaten bazaituzte behintzat jendeak badaki». Anzari buruz galdetzean berak ere argi du eskua joan zaiela eta hil egin dutela.
169
Duela 169 egun desagertu zen Anza. Apirilaren 18an ikusi zuten azken aldikoz Jon Anza, duela 169 egun. Bikotekideak Baionako geltokira eraman zuen, eta, orduz geroztik, ez dago haren berririk. Baionako prokuradoreordearen eskuetan dago ikerketa.Urriaren 12an eraso faxisten aurkako martxa egingo dute
Atzoko eta gaurko faxismoari stop! lelopean manifestaziora deitu dute urriaren 12an Iruñean. Deitzaileen artean daudebahituak izan diren Daniel Saralegi eta Alain Berasategi «eraso faxistak jasan dituzten hainbat lagunekin batera. Jendetza bildu nahi dute «Oraindik badirauen dinamika faxista basatiaren» aurka. Azken 70 urte hauetan etengabeak izan direla uste dute, baina gaur egunaldaketa politiko eta soziala aipatzen denez areagotu direla salatu dute. Aldaketa politiko eta soziala da preseski haien ustez eraso horien helburu. Baina horien gainetik pasatu eta aldaketa lortzea ezinbestekotzat jo dute horrek eragotziko baititu eraso faxistak, Saralegiren arabera.Jon Anzaren ikerketan arrasto batzuk baztertu dituzte
Informazio gutxi plazaratu du orain arte Marc Mariee Baionako prokuradoreordeak Jon Anzaren desagertzearen ikerketari buruz. Herenegun pista batzuk dagoeneko baztertu zituztela jakinarazi zuen, eta bertze batzuk berriz sakondu. Ez zuen zehaztu, ordea, zeintzuk sakondu zituzten eta zeintzuk baztertu.Mujikak, Saralegik, Fernandezek eta Berasategikez dute dudarik izan beren bahiketa salatzeko, lasaitasuna lortzeko modu bakarra delako. Haien ustez, baita bahitzaileei aurre egiteko ere.
Salatzea, lasai egoteko eta bakean uzteko
A. Laskibar, J. Senar eta X. Harriague.Daniel Saralegi, Lander Fernandez, Alain Berasategi eta Juan Mari Mujika ziur daude salatu gabe gelditu diren beste bahiketa batzuk gertatu direla. Saralegik dio ezagutzen dituela kasu batzuk. Mujikak, berriz, ulertzen ditu salatzen ez duten pertsonak «presioa hain handia izanik». Baina laurek bat egiten dute bahiketak publiko egin behar direla.
Berasategik eta Fernandezek eginbehar baten modura sentitu zuten. Bahitzaileei aurre egiteko modu bakarra da, haien erranetan. Fernandezen arabera, lasaitasuna ekartzen du, eta, Berasategiren arabera, berriz, elkartasunari ateak irekitzen dizkio. «Ez zara gehiago bakarrik. Gainera, ezer esan gabe gelditzen bazara, harrapakin erraza gelditzen zara haientzat». Fernandezek uste du bahitzaileei bideak hesteko era egokia dela. Horrekin bat egiten du Mujikak. «Salatu ez banitu, badakit handik zortzi egunera berriz ere han izango nituela».
Saralegik lau hilabete itxaron zituen bere bahiketaren berri prentsaren aurrean eman baino lehen, baina, dioenez, hasieratik argizuen salatu beharreko gertaera zela. «Momentu horretan ezin nuen, eta horrelako gertaera bat publiko egiteko sendo egon behar duzu». Lauren artean ez da bat bera ere damutzen salatu izanaz, eta bahituak izan diren gainerateko jendeari beste hainbeste egiteko animatzen dituzte.
Bahituak izan direnetik, jarrera zertxobait aldatu dute, eta laurek diote kalean arreta gehiagorekin ibiltzen direla. Berasategik «gorabeherak» izaten ditu, eta jasandako torturen irudiak noizbehinka gogora etortzen zaizkio. Kalean susmagarriak iruditzen zaizkion pertsonen jarrerari kasu egiten dio. «Zauria hor dago, baina horrekin bizitzen ikasten duzu». Mujikak ere gauza bera egiten du. Geroztik, gainera, gaueko joan-etorriak saihestenditu. Saralegiren kasuan, ondorioak larriagoak izan dira joan den uda arte antsietatearen aurkako tratamendua jarraitu behar izan duelako.
Bahitua izan eta gero bi astez kartzelara sartu izana nolabaiteko lasaitasuna ematen diola uste du Fernandezek. «Ematen du kartzelatik pasatu ez banintz urduriago biziko nintzatekeela. Gertatu beharrekoak gertatu dira». Hura bahitu eta bi astera Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2002an autobus bat erretzea leporatuta. Bi aste kartzelan egin, eta gero aske gelditu zen bermea ordainduta.