Frankismoa

Gerrako desagerketak ikertzeko eskatu dio NBEk Espainiari

Desagerrarazitako pertsonen NBEko lantaldeak PPren gobernuari eskatu dio ez baliatzeko 1977ko Amnistiaren Legea frankismo garaiko krimenak preskribatu egin direla esateko. Argentinako justiziarekin elkarlanean aritzeko ere eskatu diote.

2013ko irailaren 30a
16:26
Entzun

1936ko gerran desagerrarazitako pertsonei buruzko ikerketak egiteko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Gobernuari. Eta garai hartako krimenak "gizateriaren aurkako delitu" gisa hartzeko, eta ez erabiltzeko 1977ko Amnistiaren legea krimen haiek zigorrik gabe uzteko.

Diktaduran eta 1936ko gerran desagertutako pertsonen auzian Espainiak ez ditu aintzat hartzen "gizateriaren aurkako delituak", NBEren esanetan. Nazioarteko araudiek eta konpromisoek agindutakoa ez du betetzen Madrilek. Delitu horiek ez direla preskribatzen oroitarazi diote gobernuari.

Joan den astean, hain justu, frankismoko krimenak aspaldi gertatu zirela defendatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta preskribatuta zeudela 1977ko Amnistiaren Legearengatik. Argentinatik agindutako bi poliziaren atxiloketak egiteari uko egin dio Auzitegi Nazionalak, irizpide horietan oinarrituta.

Argentinako justiziari laguntzeko

Gertaera horiek guztiak aintzat hartuta, Argentinako Justiziarekin elkarlanean aritzea ere galdegin diote NBEko ordezkariek Madrilgo gobernuko kideei.

NBEko lantalde batek, desagerrarazitako pertsonen inguruan lan egiten duenak, Euskal Herria, Espainia eta Herrialde Katalanak bisitatu zituzten joan den astean. Memoria historikoaren inguruan lanean ari diren taldeekin eta abokatuekin, eta hainbat erakunde publikotako ordezkariekin egin zituzten bilerak.

Bilera horien emaitzak aurkeztu ditu gaur NBEko lantaldeak, Madrilen, prentsaurreko batean. Espainiako Gobernuak 1936ko gerran desagerrarazitako pertsonekin "justizia, egia, aitortza eta memoria" printzipioak betetzen ote diren aztertu du lantaldeak. Espainiako Gobernuko ordezkariekin ere elkartu da.

Gobernuko ordezkariei eskaera horiek egin dizkiete NBEko kideek. Eta Zigor Kode berrian —oraintxe ari da Madril erreforma prestatzen— "indarkeriazko desagerketaren" delitua eransteko eskaria ere egin diete.

Eskakizun zehatzagoak ere plazaratu dituzte Jasminka Dzumhur eta Ariel Dulitzky NBEen ordezkariek: desagerrarazitako pertsonak bilatzeko plan bat egiteko, hobi komunen mapa eguneratzeko, desagertuen informazioa publiko egitea eta entitate bat sortzea gaiaz arduratzeko.

"Espainiako Estatuak bere gain hartu beharko luke lidergotza, eta modu aktiboagoan esku hartu beharko luke" gerran eta frankismoan desagerrarazitako pertsonen auzian, NBEren hitzetan.

Espainia, "kriminalen babesleku"

Carlos Slepoy, Argentinan frankismoaren aurkako auzia bultzatzen ari den abokatuetako bat, ere Espainian izan da gaur, eta Pablo Ruz epailearekin bilera egin du. Ruzek hartu ditu frankismoaren aurkako auziaren izapideak.

Ruzekin bilera bukatutakoan, Espainian "kriminalen babesleku" bilakatu dela adierazi die Slepoyk komunikabideei.

Estradizio legeek eta Espainiaren eta Argentinaren arteko akordioek ematen dute nazioarteko atxilotze aginduak 48 ordutan bete behar izateko obligazioa. Auzitegi Nazionalak betekizun horri uko egin diola nabarmendu du abokatuak.

Orain Maria Servini Argentinako epailea estradizio agindua tramitatzeko zain dago Espainiako justizia. "Oztopoak" izango direla seguru agertu da Slepoy: "Badakigu gobernuen trabak daudela halakoetan, baina itxaropena daukagu prozeduraren garapenarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.