POLIZIA OPERAZIOA. KOMANDO AUTONOMO ANTIKAPITALISTAK. PASAIAKO SEGADA

Gertaerak lekukoen hitzetan

2005eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Iaz Pasaiako segadaren 20. urteurrena zela-eta argitaratutako liburuan (113. Pasaiako sarraskiaren kronika, sinadurarik gabea) gertaerei buruzko xehetasunak eman zituzten Jimenok eta Merinok.

ROSA JIMENO



Lau egun lehenago atxilotu zuten Donostian. KAAko kideekin hitzordua egitera behartu, eta amu gisa erabili zuten Badian, sarraskiaren gauean. Lau urte eta erdi egin zituen kartzelan gero.Hitzordua: «Kristoren ostiakoak, bainera, kirofanoa, elektrodoak, poltsa... denetik egin zidaten (...). Derrigortu egin ninduten hauei deitzera. Deitu nien, nahi nien zerbait esan baina ez zitzaidan ateratzen, haiek guztiak aldamenean neuzkan eta. Merinorekin hitz egin nuen, eta jarri genuen eguna».

Tiroketa: «Arroka behera jaitsi ginen eta poliziek soka batekin hankak arroka batera lotu zizkidaten. Esan zidaten etortzen zirenean sokatik tirako zidatela. Txalupa iritsi zen, eta linterna batekin jakineko kontraseina egin nien. Orduan arrimatu zen txalupa, eta gauza asko ez dut gogoratzen. (...) Kurro bai ikusi nuen. Arrimatu ziren, poltsa batzuk eman zizkidaten, eta une horretan ez nien esan Polizia zegoela, denborarik ez zen egon, segituan poliziek sokatik tira egin zuten, eta tiroka hasi ziren. (...) Gora eramanda bide bazter batean jarri ninduten, polizia bat apuntatuz, eta gehiago ez nuen ezer ikusi. Hori bai, tiroak entzuten nituen».

JOSEBA MERINO




Segadatik bizirik atera zen KAAetako kide bakarra izan zen. Hamazazpi urte eta erdi egin zituen preso, Enrique Casas PSOEko Antolakuntza idazkariaren hilketa zela eta.Iritsiera: «Pasaiako Badiara iritsi ginen eta Rosa geratu ginen lekuan zegoen ikusi genuen, aurreko aldietan geratu ginen leku berberean alegia; iritsi, zodiac-aren branka harkaitzen kontra jarri eta Rosari soka bat bota genion. Lehenengo, atzealdetik, Pelitxo lurreratu zen eta Kurro aurretik. Gero, ni lurreratzekoa nintzen eta Kurro-ri esan nionean txakurra hartzeko, 'geldi, Polizia!' entzun genuen eta tiroka hasi ziren. Poliziaren gelditzeko deiadarra eta tiroka hastea dena bat izan zen».

Atxiloketa: «Dena fokoz bete zen eta ni ababorretik bota nintzen. Igeri pixkat egin eta harkaitzera iritsi nintzen. Oraindik tiroka ari ziren eta dena argitsu zegoen. Tiroak egiteari utzi eta berehala Guardia Zibilaren bi zodiac azaldu ziren, fokoekin. Gure bila ibili ziren. Gutxi gorabehera hiru minutu pasa ondoren aurkitu ninduten. Harkaitzetatik igotzeko agindu zidaten eta hor zegoen Kurro eskuak burura eramanda. Bere eskuinean jarri nintzen, ni ere eskuak altxatuta, guzti hau mehatxuka eta deiadarka, jakina. Besteen bila jarraitzen zuten, txakurrek guri apuntatzen ziguten bitartean. Berehala, Txapas aurkitu zuten eta Kurro-ren ezkerraldean jarrarazi zuten, eskuak altxatuta hau ere».

Fusilatzea: «Osorik geunden. Orduan, hiru txakur hurbildu ziren. Batek zeintzuk ginen galdetu zigun. Nigandik hasi zen. Nire izena eman nion. Koronela al nintzen galdetu zidan, hau guztia irainka eta oihuka. Nik ezetz, Josua nintzela esan nion. Bizpahiru metro urrunago jartzeko agindu zidaten eta, txakur batek zaintzen ninduen bitartean, beste bi txakurrek Kurro-ri eta Txapas-i galdezka jarraitu zuten. Hauek izenak eman zizkieten. Orduan, beraiengandik metro batera jarri eta fusilatu zituzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.