Biktimen elkarteekin jardunaldia egiten ari da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Donostian, eta bertan, gobernuak biktimekiko izandako jarreraren errepaso kritikoa egin du. Ildo horretan, jakinarazi du Jaurlaritzak "aro berri bat" hasiko duela biktimen alorrean, eta konpromisoa agertu du "etorkizuneko begiradak" biktimen memoria eta oinazea "ez ahazteko".
Hiru ardatz aipatu ditu Urkulluk: "Hausnarketa autokritikoa, gutxieneko etiko bat defendatzeko determinazioa eta batzeko helburuan oinarritutako borondatea". Autokritikari dagokionez, esan du aitortu beharra dagoela Jaurlaritza "berandu" iritsi zela biktimek "merezi zuten sentikortasun eta erantzunera".
Jaurlaritzak "lehenago eta hobeto" erreakzionatu behar zuela uste du Urkulluk: argudiatu du 1990eko hamarkadatik aurrera "banaketa politikoaren intentsitateak biktimekiko elkartasunaren eta indarkeriarekiko arbuioaren batasuna desitxuratu" zuela. Hori gaur egun ere "modu bidegabe eta onartezinean" gertatzen dela erantsi du.
Ostegunean, biktimen elkarteekin batzartu zen Urkullu. Jaurlaritzak nabarmendu zuen bilera "eraikitzailea eta emankorra" izan zela. PPk positibotzat jo du Urkulluk elkarteekin izandako bilera, eta PSEk garrantzitsutzat jo du, gaineratuz bazela "garaia" horretarako.
Elkarte ugari jardunaldian
Lan-jardunaldia 09:00etan hasi da. Lehendabizi, Urkulluk egin du hitzaldia, eta, ondoren, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak, José Luis de la Cuestak. Gero, eztabaida-dinamika bati ekin diote parte-hartzaileek: zazpi-zortzi bat lagunez osatutako zirkuluetan biktimek gizartean zer zeregin izan behar duten landu dute.
Saiootan biktimek parte hartu dute, baita biktimen elkarteetako ordezkariek ere; besteak beste, Santiago Apostol, AVT, APAVT, ASERFAVITE, ZAITU, COVITE eta 11M elkarteetakoak izan dira.