Otegiren elkarrizketa liburua

Gertatzen ari dena ulertzeko gakoak

Atzeak erakutsiko dizu aurrea nola dantzatu, dio esaera zaharrak. Horixe da Arnaldo Otegiren elkarrizketarekin osatutako El Tiempo de las luces liburuaren helburua. Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak azaldu duenez, gaur egungoa ulertzeko atzera begiratzea, horrela egungo egoeraren potentzialitatea ulertzeko, eta etorkizunerako erronkez jabetzeko. Donostian aurkeztu dute liburua Fermin Munarriz liburuaren egileak eta Sotok. Politikagintzako hainbat ordezkari izan dira. Rufi Etxeberriak esan du "Tresna on eta baliagarria" dela liburua. Bai Euskal Herria askapenera eraman nahi dutenentzat, eta baita ezker abertzalearen ideologia ulertu nahi dutenentzat ere.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 27a
21:17
Entzun

2006an Loiolan eta Genevan izandako elkarrizketetatik hona gertatutako guztiaz hitz egiten du. Ohi duen gisara, aho bizarrik gabe, eta galdetutakoari "argi" erantzunez. Bere ustez hanka sartzeak izan direnak onartuz, eta egindakoaz harro sentiarazten dutenak goraipatuz. Gara egunkariak argitaratuko du Fermin Munarriz kazetariak osatutako liburua, bihar.

Gaur aurkeztu dute liburua, Donostiako Miramar Jauregian. Fermin Munarriz liburuaren egileak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak hartu dute hitza, baina haiez gain, hainbat lagun izan dira ekitaldian. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar eta Ikerne Badiola EAkoak, Gema Zabaleta PSE-EEkoa, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea, Eugenio Etxebeste, Fernando Etxegarai preso ohia, Angel Amigo zinemagilea eta beste hainbat.

2007ko maiatzean, Genevatik bueltan, negoziaketek porrot egin zutela onartuta, Rufi Etxeberriak esandako esaldia barneratu eta gaur egunera iritsi arteko urratsak jasotzen ditu liburuak. “Negoziaketa eredu eta estrategia hau agortuta daude”. Espetxetik erantzun ditu galderak Otegik, hain justu, espetxera eraman zuen barne eztabaidaren gora beherak kontatuz. Estrategia armatua baztertu eta estrategia politiko hutserako bidea egiteko eztabaida sustatzeagaitik baitago preso Otegi, ezker abertzaleko beste lau kide bezala —Rafa Diez, Miren Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta—.

Borroka armatua, barkamena eta beste

Adierazpen mamitsuekin dator liburua. Hona hemen, GARAk aurreratutako esan batzuk: 

Genevako haustura. «... Nazioarteko komunitateko kideek galdetu zidaten ea Euskal Herrira itzuliko nintzen, Rubalcaba jaunak ziurtatu baitzien atxilotu, espetxeratu eta hamar urteko zigorra jarriko zigutela. Baduzu horren aditzerik, ez?».



Borroka armatua. «Gaur egun norbaitek borroka moldeen inguruan aholkurik eskatuko balit, argi esango nioke bide baketsuak eta desobedientzia erabiltzeko, arrazoi etiko zein politikoengatik».



Alde bakartasuna. «Ezker abertzalearen transatlantikoa biratzeko konpromisoa hartu genuenean, egiten nuen diagnostikoa zen gutxi falta zitzaiola kosta jotzeko. Orain, independentismoa Euskal Herriko lehen indarra izateko lehian dabil».



Biktimak. «...Min gehigarririk eragin badiet biktimei eta haien senideei, nire barkamenik egiazkoena eskatu nahi diet hemendik, bihotzetiko 'sentitzen dut' batez lagundurik».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.