Getariako Txakolinaren 2011ko uztako 2.900.000 botila merkaturatuko dituzte aurten, iaz baino %24 gehiago. Eguraldi egokiak eta landatutako eremu berriek ekarri dute igoera. Asteartean aurkeztuko dute uzta berria, eta, Jose Ignacio Manterola Getariako Txakolinaren presidentearen esanetan, txakolin "gaztea eta fruitu lurrinekoa" lortu dute.
Manterolak jakinarazi du aurtengo Mahasti Jaun sariak Etiopia-Utopia Fundazioarentzat eta Gabriella Ranielli New Yorkeko gastronomia gidarentzat izango direla.
Getariako Txakolina sor-markak Gipuzkoako 26 upategi biltzen ditu: Getariako 11, Zarauzko zazpi, Aiako bi eta Arrasate, Mutriku, Olaberri, Oñati, Deba eta Hondarribiko bana.
Txakolinaren %75 Gipuzkoan kontsumitzen da, %10 beste euskal lurraldeetan, eta geratzen dena atzerrian —batik bat, Espainian, Frantzian, Herbehereetan, Belgikan, Alemanian, Erresuma Batuan eta AEBetan—.