Getxoko 54 urteko gizon bat hil dute Zaragozan

Irail hasieratik zegoen desagertuta. Autoa lapurtzeko eta saltzeko hil zutela uste dute ikertzaileek.

2019ko urriaren 1a
21:44
Entzun

Getxoko (Bizkaia) 54 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute gaur Zaragozan (Espainia). Jose Antonio Delgado zuen izena, eta irailaren 6tik desagertuta zegoen. Indarkeria zantzuak zituen haren hilotzak; autopsia egingo diote datozen egunotan. Ikertzaileek uste dute diru kontu bategatik hil zutela bizkaitarra: Efe agentziari azaldu diotenez, biktima asteburu-pasa joan zen Zaragozara luxuzko auto batean —sare sozialetan erakutsi zuen ibilgailua—, eta han gizon batzuek hil egin zuten, eta gorpua lurperatu zuten; haien asmoa zen autoa lapurtzea eta saltzea. Ibilgailua erosi zuenak jarri zituen poliziak jakinaren gainean: susmo txarra hartu zion salmentari, autoaren paperak ez zizkiotelako erakutsi. Polizia iturriek ez dute argitu inor atxilotu duten.

Bestalde, Castro Urdialesen (Espainia) asteburuan kutxa batean agertutako burua Bilboko gizon batena dela dioen hipotesia indarra hartzen ari da —oraindik ez dituzte identifikazio lanak amaitu—. Andre bat atxilotua zuten, eta espetxera bidaltzea erabaki du epaileak gaur; bilbotarraren bikotekidea da, eta haren etxean bizi da. 67 urte ditu gizonak, eta desagertuta dago otsailetik. Hedabide batzuen arabera, desagertzeari buruzko ikerketa martxan zela, andre atxilotuak kutxa bat eman zion bizilagun bati martxoan, barruan burua zuela, eta bizilagunak etxean eduki du, asteburura arte; usain txarra zuelako erabaki zuen irekitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.