"Astearteko atentatua indiskriminatua izan zen, oso larria; hilabete askotako atzerapausu bat, urteetako atzerapausua", adierazi du Jaurlaritzako Herrizaingo sailak. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak egunotan kontrakoa esan badu ere, eraso horren helburua biktimak eragitea zela berretsi du Balzak; areago, errealitatea ezkutatu nahi izatea leporatu dio Batasuneko buruari: "Eguerdiko ordubietan, kale estu batean, 40 kilo lehergairekin egiten den atentatu bat, eremua bakartzeko betarik eman gabe, ibilgailua non zegoen oker azalduta, jende asko ibiltzen den inguru batean, ezker eskuin etxean daude leku batean, eta, gainera, 40 kiloko bonba metrailarekin indartuta —iltze karga handi bat baitzeukan—... Esatea horrek ez zuela biktimarik eragin nahi... Seriotasun piska bat behar da, ezin da arinkeriaz ibili horrelako kontuetan", nabarmendu du. "Larritasun handiko kontua da, atzerapausu handi bat, eta ezin da hala denik ezkutatu errealitate horrek Batasunaren Anoetako proposamena eta Zapaterori igorritako gutuna kontraesanean jartzen dituelako", erantsi du.
Ildo horretatik, "ENAM bere osotasunean hartuta" bi bide bateratu nahian sumatzen duela adierazi du Balzak: bide politikoa eta indarkeriaren bidea bateragarri egin nahian. "Bakoitza bere ardurekin, ez bainaiz Batasuna eta ETA gauza bera direla dioen diskurtso zakar horretan eroriko, uste dut ENAM osotasunean hartuta bi bide bateagarri egin nahian dabilela. Batetik, ETAren bidea bere jarduna mantenduz sendotasuna erakusteko, eta, bestetik, diskurtso politikoaren bidea", iritzi dio.
Diskurtso politikoan Batasunak aurrepausu handiak egin dituela onartu du Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, baina, era berean, indarkeriarekin bateragarri egiteko saioan diskurtso horrek balioa galtzen duela esan du. "Ez da posible bi bideak bateratzea. Gainerako alderdiek eta, oro har, gizarteak oso argi dute hori. Politikaren hautua egiten badute ongi-etorriak izango dira, baina, noski, ezin dute eskatu beste alderdiak proposamen politikoetan sartzea aldi berean indarkeria bideak erabiltzen badira".
"Ertzaintzak ez du torturatzen"
Astearteko atentatuari buruz ez ezik, torturaren gainean ere aritu dira Balzari Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Ertzaintzak ez duela torturatzen ziurtatu du Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Balzaren arabera, EAEko Poliziak inkomunikazioetan aplikatzen duen protokoloak ez du atxilotua inolako unetan babesgabe uzten. Halaber, Ertzaintzak torturatzen ez duenaren frogatzat jarri ditu 2004an ez dela polizia horren aurkako tortura salaketarik jarri, eta Ertzaintzak ez duela inkomunikaziorik aplikatu.
Euskal Herriko gatazka
Getxoko atentatua "urteetako atzerapausua" da Balzaren iduriko
Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gogor gaitzetsi du ETAk asteartean Getxon (Bizkaia) bonba-auto baten bidez egindako atentatua. Hain zuzen ere, eraso hori "indiskriminatua eta urteetako atzerapausua" dela iritzi dio. Balzaren arabera, indarkeriaren bidea eta bide politikoa bateragarri egin nahian dabil ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, eta gatazka konpontzekotan bi bide horiek ez direla bateragarriak ohartarazi du. Halaber, Ertzaintzak ez duela torturatzen ziurtatu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu