Getxoko hondartza inguruan bonba leherrarazi du ETAk

Ereaga ondoko hotelean zegoen lehergailua, eta indar txikikoa zen; ez du zauriturik eragin, eta kalteak aski urriak izan dira

Erredakzioa
2003ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Getxoko Ereaga hondartza alboan eztanda egin zuen lehergailu batek atzo arratsaldean, Tamarises hoteleko kafetegian. Kalteak sortu zituen, baina ez zuen inor zauritu. Arratsaldeko 15:45 inguruan izan zen eztanda, Tamarises hoteleko kafetegiko komunetan, eta «nahiko leherketa txikia» izan zen, lekukoek adierazi eta Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak ondoren baieztatu zuenez. Kafetegiko tabernari batek azaldu zuenaren arabera, bestalde, duela bizpahiru hilabetez geroztik bideo kamerak ditu Tamarises hotelak. Hori dela eta, «baliteke lehergailua jarri duen pertsonaren irudiak grabatuta egotea», adierazi zuen.

15:00 inguruan Gara egunkarira ETAren izenean eginiko telefono deiak eman zuen lehergailuaren berri: 15:30ean eztanda egingo zuela ohartarazi zuen. Lehergailuak, alabaina, deiak iragarri baino ordu laurden geroago egin zuen eztanda. Ordurako hotela eta inguruak hustarazi zituen Ertzaintzak eta dena itxi. 15:45 aldera, lehergailuak eztanda egin zuenean, ingurua miatzen ari zen Ertzaintza. Tamariseseko kafetegiko beheko solairuan zegoen bonba, eta ez zuen zauriturik eragin.

Kalteak ere ez ziren oso handiak izan, hoteleko kafetegiaren zati bati bakarrik eragin baitzion eztandak; jatetxeak eta hotelak ez zuten matxurarik izan, informazio agentziek zabaldutako informazioen arabera. Izan ere, leherketa ez zen oso indartsua izan, hoteleko langileek adierazi zutenez. Eztanda izan baino bost bat minutu lehenago langile eta bezero guztiak kalean zirela gaineratu zuten.

Alkatea, Villarren jomuga

Leherketak berehala piztu zituen politikarien erreakzioak. Lehena eta gogorrena, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen eta Enrique Villar Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren arteko tirabira.

Eztanda gertatu zenean, inguruko jatetxe batean zen Villar, eta gertaeraren berri izan bezain laster bertaratu zen Tamarisesera. Hitz gogorrak bota zituen Getxoko alkatearen aurka, eta horrelako atentatuak eragozteko ez duela behar adina egiten leporatu zion: «Getxok edozein hiritarrek bezala bakean eta babesturik bizitzeko eskubidea duten 100.000 biztanle ditu, eta alkateak ez du dena eman haien defentsan», adierazi zuen.

Harri eta zur geratu zen Zarraoa alkatea Villarren adierazpenak entzunda: «Harrigarria da ETAren atentatua pairatu eta alkatearen aurka egitea», adierazi zuen. «Ez da nire ardura terrorismoaren aurkako borroka bukatu ez izana», esan zuen. Are gehiago: «ETAk Madrilen jotzen duenean, inori ez zaio bururatzen bertako alkatearen aurka egitea», esan zuen.

Eusko Jaurlaritzak «gaitzespenik sutsuena» agertu zuen leherketaren inguruan, eta ETAk «alderik bortitz eta zinikoena» erakutsi duela adierazi zuen komunikabideei bidalitako idazkian. Jaurlaritzaren ustez, «ETAk herri honi eskaintzen dion alternatiba bakarra zera da, haiek bezala pentsatzen ez dutenen aurkako indarkeria, xantaia eta mehatxua».

Era berean, Jaurlaritzak uste du argi geratu dela erakunde armatuak ez dituela errespetatzen herritarrek «era demokratikoan hartutako erabakiak», «nahiz eta badakien mespretxua eta ulertu ezina besterik eragiten ez duela, baita ezker abertzalearen aldetik ere», adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak oharrean.

EAJren Bizkai Buru Batzarrak, berriz, esan zuen ETAren helburua «euskal gizarteak duen arazoa konpontzeko ETA beharrezkoa dela sinitsaraztea da», bai eta mina eta beldurra sortzea ere. EAJren ustez, baina, «herria ezin da minaren bidetik sortu». Haatik, Ibarretxeren plana da irtenbide bakarra, BBBren hitzetan.

«Berriz bide subiranistan»

EAren ustez, beldurra sortzea izan da ETAren helburua. Baita PPren ustez ere. EAEko PPren buru Carlos Iturgaiz, baina, urrutirago joan zen adierazpenetan. Haren hitzetan, «terroristen basakerriaren ondoren gaitzespenak egongo dira gaur, baina bihar izango da berriz banda terroristak defendatzen dituen bide subiranisten alde egingo duenik».

IUko koordinatzaile Gaspar Llamazaresek indar polizialen beharra azpimarratu zuen. Aralarrek txartzat jo zuen lehergailua jarri izana, eta «askatasunezko etorkizunera egin beharreko bidean beste oztopo bat» dela adierazi. ELA eta UGT sindikatuen ustez, bestetik, leherketak kalte egingo dio enpleguari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.