Zigor Goikoetxearen aurkako epaiketa hasi da gaur, Madrilen. Ustez Marisa Arrue PPko Getxoko (Bizkaia) zinegotziari pasa den udan mehatxu egin ziolako epaitzen ari dira Goikoetxea Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaurko epaiketan Goikoetxeak akusazio hori ukatu egin du. Kasua epaiaren zain geratu da.
Hala ere, Getxoko PPko zinegotziak salaketa baieztatu egin du eta Goikoetxeak “beldurra” ematen diola gaineratu du. Bere hitzetan, behin baino gehiagotan mehatxu egin diolako: “Beldurra sentitu nuen, edozein unetan mehatxu hori gauzatu zezaketela pentsatu nuen”.
Besteak beste, “faxistak”, hiltzaileak eta torturatzaileak deituz iraindu gintuzten Goikoetxeak eta beste hainbat pertsonek". Mehatxuak jaso zituen unean PPko hainbat ordezkarirekin zegoen Arrue.
Irain horiek gidatzen zituena Goikoetxea zela gaineratu du Arruek eta mehatxuak gehienbat "bere aurkakoak" zirela. Gainera, Goikoetxea lehendik ere ezagutzen zuela jakinarazi du PPko zinegotziak: "Aurretik ere mehatxatu ninduelako".
Iazko udan, Getxoko San Lorenzoko azoka egunean, ustez Goikoetxeak bost urteko epean Arrue "hil egingo zutela" esateagatik egiten ari dira epaiketa.
Urtarrilean egitekoa zuten auzi saioa, baina atzeratu egin zuten, forma akatsak tarteko. Sei eta hamar urte arteko espetxealdia eskatu dute Goikoetxearen aurka, “mehatxu terroristak” egitea leporatuta. Bien bitartean Goikoetxea espetxean dago.
politika
Getxoko PPko zinegotzi bati ustez mehatxu egiteagatik Zigor Goikoetxearen aurkako epaiketa hasi da gaur
Marisa Arrue PPko zinegotziak akusatuak "beldurra" ematen diola adierazi du, behin baino gehiagotan mehatxu egin diolako. Epaiaren zain geratu da kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu