Epaileak kartzelara bidali du Getxon (Bizkaia) mutil bat hil duelakoan atxilotutako gaztea. Atzo goizaldean izan zuen liskarra lagun talde batek, eta 20 urteko mutil bat hil zuten, guraize batzuekin eraso eginda. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, 06:00ak aldera hasi zen liskarra, Bizkerre kalean. Udaltzainak hara bertaratu, eta gazte bat larri zaurituta zegoela ikusi zuten. Larrialdi zerbitzuei abisua eman zieten, baina ezin izan zuten bere onera ekarri. Ustezko erasotzailea, 25 urteko gizon bat, han bertan atxilotu zuten. Ertzaintzak ikerketa hasi du, eta, lehen susmoen arabera, inguruan aurkitutako guraize batzuekin eraso zioten hildakoari.
Imanol Landa Getxoko alkateak gertatutakoa salatu du. "Gazte baten heriotzaz ari gara, tragedia bat da". Familiari elkartasuna azaldu, eta "indarkeria mota guztiak" gaitzetsi ditu. "Indarkeriaren erabilera ez dago sekula justifikaturik". Alkateak jakinarazi du, liskarra izan zen tabernak ez dituela eskatu zitzaizkion egokitzapen lanak egin. Hori dela eta itxi egingo du.