Santiago Tianguistenco herriko erreka ertz batean agertu zen Maria Villar getxoztarraren gorpua, joan zen ostegunean. Bi egun lehenago bahitu zuten, eta autopsiaren arabera, bahitu hurrengo egunean hil. Atzo identifikatu zuen gorpua senarrak.
Prokuradoreak jakinarazi duenez, Santa Fe hirian ikusi zuten azkeneko aldiz Villar, hilaren 13an, IBMren bulegoaren atarian —han egiten zuen lan—. Hurrengo egunean bahitzaileek diru kopuru bat eskatu zioten familiari, eta azken honek ordaindu egin zuen. Poliziari gertatzen ari zenaren berri eman zion familiak, hilaren 15ean, eta egun horretan bertan agertu zen gorpua.
Mexikoko Gobernuak gogor salatu du gertatutakoa. IBMk elkartasuna eta babesa eskaini dizkio familiari, eta gauza bera egin du Getxoko Udalak ere. Imanol Landa alkateak ohar labur bat bidali du komunikabideetara.