Haur lapurtuak

"Gezurra ahoan", gizartea nahastea aurpegiratu die SOS Haur Lapurtuak-ek Etxeberria eta Gurreari

Etxeberria eta Gurrea medikuek auzitan jarri zuten lapurretez hitz egin daitekeenik, irregulartasunak egon zirela onartu zuten arren. Adierazpen "eskandalagarriak" iruditu zaizkie SOS Haur Lapurtuetako kideei.

2012ko maiatzaren 25a
14:05
Entzun

SOS Haur Lapurtuak elkarteak gogor kritikatu ditu Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta Aranzadiko presidenteak eta Jose Gurrea medikuak haur lapurtuei buruz eginiko adierazpenak. "Eskandalagarriak" irudi zaizkie.

Adopzio irregularrak bai, izan zirela, baina lapurretaz, teknikoki, ezin dela hitz egin adierazi zuen Etxeberriak duela bi aste, Eusko Legebiltzarrak auzia ikertzeko sortutako batzordean. Gurreak, berriz, telebistan adierazi zuen, kasu gehienetan, andreek beren borondatez eman zituztela haurrak.

SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideek "gezurra ahoan" ibiltzea aurpegiratu die bi medikuei, eta gizartean "nahasmendua" eragiten ari direla salatu dute. Agerraldia egin dute gaur eguerdian Donostian, gogorarazteko bi medikuen adierazpenak ikertzeko eskatu diotela Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiari. Eta halako beste adierazpenik izaten bada, berriz publikoki salatuko dutela adierazi dute.

Irregulartasun handiak gertatu direla, eta orain arte ez direla salatu eta behar bezala ikertu seinalatu dute. Eta kezka agertu dute legebiltzarreko batzordearen funtzionamenduarekin: "Batzordearen funtzionamendu normala horrelakoa izango bada, kalterako izango da gure ustez, eta lortu nahi denaren aurkako ondorioa izango du. Herritarren artean nahasmen eta harridura handiagoak sortuko ditu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.