Lorea Agirre liburuaren idazleak, Joxe Azurmendi hitzaurrearen egileak eta 'Egunkaria'-ren itxierari buruzko liburua koeditatu duten bederatzi argitaletxeetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean.
Duela urtebeteko gertakari eta egun haien gogortasuna ekarri du gogora Agirrek. Esan duenez, 'Egunkaria'-ren itxiera "lurrikara soziala" izan zen, baina, era berean, "lurrikara pertsonala" 'Egunkaria'-ko langile edo kazetarekin harremana zutenentzat. "Lantokia itxitatopatu genuen, 150 langile kalean, lankideak atxilotuta eraman zituzten, torturatu egin zituzten, eta irakurleak 'Egunkaria' gabe geratu ziren", laburbildu du.
Murphyren legea
Hain zuzen ere, Guardia Zibilak 'Egunkaria' itxi eta hurrengo hamabost egun-hiru asteak "arnasa hartu ezinezko" egunak izan zirela nabarmendu du;izan ere, albiste txarraren atzetik okerragoa etortzen zela oroitarazi du: aurrena itxiera eta atxiloketak; gero, Pello Zubiria erietxean zela jakitea eta beste zenbait atxiloturen tortura salaketak; horren atzetik, zenbait atxiloturen kontrako espetxeratze aginduak… "Murphyren legea etengabe betetzen zen; hau da, zerbait oker doanean are eta gehiago oker daitekeela esaten duena", agertu du Agirrek.
Funtsean, 'Egunkaria'-ren kontrako operazioa ankerkeria handia izan zela esan du, egindako bidegabekeria handiagatik ez ezik, baita egiteko moduagatik ere: "Ankerkeria azalean eta mamian". Euskarazko kazetaren itxieraren oinarrian "gezurra eta injustizia" dagoela azpimarratu du Agirrek, eta Del Olmo epailearen aginduz 'Egunkaria'-ko egoitzako atean jarritako giltzarrapoa "demokrazia ahul eta itxuragabe baten paradigma" dela.
Liburua ekidistantziarik gabe idatzi duela aitortu du Agirrek; hau da, bete-betean 'Egunkaria'-ko langile ohi baten ikuspuntutik, eta lehen hiru asteetako gertakariak aintzat hartuz. Funtsean, amnesiaren kontrako liburu bat egin nahi izan duela nabarmendu du.
Azurmendi: "Normalizazio sozial eta pertsonalerako tresna"
Joxe Azurmendi filosofo eta hitzaurrearen egileak, berriz, azalpenak baino eskerrak eman nahi izan ditu gaurko aurkezpenean. Hain justu, gertakari haien protagonistei eskerrak eman dizkie jazo zitzaizkien guztiak jazo arren, beren lekukotasuna eman dutelako, eta, gainera, lekukotasun hori "buru argiz" emateko gai izan direlako. Esan duenez, bere hitzaurrean lekukotasun eta analisi horietan oinarritzen da. Halaber, eskerrak eman dizkie bereziki Martin Ugalde 'Egunkaria'-ko ohorezko lehendakariari, eta oraindik espetxean diren Iñaki Uriari eta Xabier Alegriari. Orobat, eskerrak eman dizkie 'Egunkaria' egiten zuten eta egun 'Berria' egiten duten kazetariei. Azurmendiren iduriko, euskarazko egunkari bat ez da soilik euskararen normalizaziorako tresna; areago, "normalizazio sozial eta pertsonalerako" tresna dela azpimarratu du.
Ostiralean kioskoetan
Bederatzi argitaletxeetako editoreen izenean, ostera, Susako arduradun Gorka Arrese mintzatu da. Azaldu duenez, liburuaren argitalpenean parte hatzea, 'Egunkaria'-ko langileenganako zein oraindik espetxean direnenganko elkartasun adierazpena izan da.
'Gezurra ari du. 'Egunkaria'-ren itxieraren kronika' ostiralean hasi eta asteburu guztian 'Berria'-rekin batera erosi ahal izango da kioskoetan 9 euroren truke. Datorren astetik aurrera, berriz, liburudendetan egongo da eta 15 eurotan salduko da.
'Egunkaria'-ren itxieraren urteurrena
'Gezurra ari du', "demokrazia ahul eta itxuragabe batek" egindako bidegabekeriaren kronika
Ostiralean, otsailaren 20an, beteko da urtebete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak 'Egunkaria' itxi zuela, eta, halaber, kazeta hartako hamar arduradun zein arduradun ohi atxilotu zituztela. Lurrikara handia sortu zuen gertakari hark euskal gizartean, eta Lorea Agirre kazetari eta 'Egunkaria'-ko langile ohiak egun haietako jazoera eta sentipen guztiak biltzen dituen liburua idatzi du: 'Gezurra ari du'. Agirrek berak agertu duenez, "gezurrean eta injustizian" oinarritu zen itxiera hura, eta Del Olmo epailearen aginduz 'Egunkaria'-ko egoitzaren atean jarritako giltzarrapoa "demokrazia ahul eta itxuragabe baten paradigma" da. Bederatzi argitaletxeren artean egin duten edizioa: hots, Aisek, Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Elhuyarrek, Pamielak, Susak, Ttartalok eta Txalapartak parte hartu dute argitalpenean. Hitzaurrea, berriz, Joxe Azurmendi filosofoak egin du, eta hitzatzea 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari izateagatik oraindik espetxean segitzen duen Iñaki Uriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu