GuraSOS plataformak «gezurra» esatea leporatu dio Gipuzkoako Diputazioari. Aldundiak joan den ostiralean zabaldutako prentsa oharraren arabera, Europako Parlamentuak atzera bota du GuraSOSek Zubietako erraustegiaren aurka hasitako auzibidea. Plataformak, ordea, «kontrako erabakia» modu «faltsuan» berregitea egotzi dio Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari. GuraSOSek gaur bidalitako prentsa oharrak dioenez, hauxe jaso du Euroganberaren Eskaera Batzordeak: «Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak GuraSOSek eskatutako aferak ikertzen jarraitzen du, bere askotariko norabideetan. Batzorde horrek eskaera horretarako ekintzarik aproposena erabakiko du, eta horren gaineko ebaluazioaren araberakoa izango da».
Plataformak uste du Ingurumen diputatua «gezurretan» ari dela, edo «sekulakoa ezjakintasuna» erakusten ari dela. Izan ere, iruditzen zaio Europako Parlamentuak joan den maiatzaren 11n argitaratutakoa ez dela «ebazpen bat», ezta eskaera bati emandako «erantzuna» ere. GuraSOSentzat, batzorde horretako kideei zuzendutako «ohar bat» da kaleratutakoa, ondorio «bakarra» duena: «ikertzen jarraitzea». Plataformak gogoratu nahi izan du, gainera, legebiltzarreko batzorde hori COVID-19arekin loturiko gaiak «soilik» ari dela lantzen joan den apiriletik.
Asensiori batzordeak argitaratutakoaren «interpretazioa interesatua» egitea egozten dio GuraSOSek. Gertatutakoa «larria» iruditzen zaio, pentsatzen baitu Gipuzkoako Diputazioak joan den astean egindakoak «errespetu falta ikaragarri bat» erakusten diela EB Europako Batasuneko instituzioei. «Izan ere, hartu ez dituzten erabakiak esleitu dizkiete». Gertatutakoa Europako Parlamentura eramateko asmoa dauka GuraSOSek, eta, «hainbat talde parlamentarioren eskutik», hasiak ditu horretarako tramiteak.