Lasak alderdikeriaz aritzea leporatu dio: "Norbere helburuak lortzerakoan inolako mugarik ez dagoela uste duenak soilik joka dezake horrela, gizartea kontzienteki modu demagogikoan beldurtuz. Beldurra eta osasuna ezin dira hain modu arinean erabili. Betiko ezker abertzalearen aurrean gaude".
"Arduraz" jokatzera deitu die Lasak. "Ez dugu onartuko, inondik inora, inolako oinarririk gabe guri leporatzea gipuzkoarron osasunarekin jolasean aritzea". Zubietako erraustegiaren ustezko segurtasun irizpideak nabarmendu ditu Lasak: "Ingurumenari lotutako teknologia, baimen eta kontrol aurreratuenekin eraikiko da, Europako Batasunak eta bere arauek eskatzen duten moduan. Araudi horrek kontrolik zorrotzenak ezartzen ditu mota honetako instalazioentzat, beste edozein industria motak dauzkanak baino askoz ere zorrotzagoak eta zabalagoak".
Lasak nabarmendu du ez dagoela erraustegiak herritarren osasunarentzat eraginak ekarriko dituela ondorioztatzeko "ebidentzia zientifikorik". Adibide gisa jarri du 2011ko otsailean EHUko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko departamentuak Zabalgarbiko plantaren inguruan egindako azterketa epidemiologikoa eta Osakidetzak 2004an egindakoa.
OEITko kideen sinesgarritasuna ezbaian jarri du Lasak. "Zientziari eta osasunari lotutako gaietan, baieztapen guztiek ez dute pisu eta sinesgarritasun bera. Ez da nahikoa medizina titulua izatea, eta hori errespetu osoz esaten dut. Ni irakaslea naiz, eta horrek ez nau bihurtzen pedagogiaren alor guztietako espezialista, ezta ikertzaile ere. Ez da gauza bera mediku bat eta zientzia ikertzaile bat".
Lasaren arabera, atzo Zubietan hiru pertsonak apurtu zuten hondeamakina ez zen erraustegiaren obretakoa: Donostiako Udalarena da, haren esanetan. "Akanpatzeen, inposizioaren edo sabotatzeen kultura hori Euskadiko eta Gipuzkoako gizarteak arbuiatu dituen eta lehenbailehen ahaztu nahi dituen aro politiko eta forma batzuetan kokatzen da".
Igandeko giza kateaz adierazi du "modu baketsu eta zibilizatuan" eginiko iritzi adierazpenak "errespetatu" egiten dituztela, baina azpimarratu du deialdi horren atzean "begibistako intentzionalitate politikoa" zegoela, "aldundiari eta hondakinen kudeaketari eraso egiteko".