Urriak 23
Hirurak bat
Abertzaleen Batasunak Euskal Herria Bai koalizioaren hautua egin du datorren martxoko kantonamendu bozetarako. EH Bai ez da orain jaio, lehendik datorren esperientzia da, baina haize berriek lagundu dute, ziur, ABko militanteek EArekin eta Batasunarekin batera aurkezteko erabakia har zezaten. Eta azkenaldi honetan sortu den egoera politikoak berritasunaren ukitua ere ematen dio EH Bai honi, ETAren indarkeriarik gabeko aroan abertzaleen arteko elkarlanerako baldintzak eta aukerak bestelakoak izan baitaitezke. Lehenengo saioa, datorren martxoan.
Urriak 26
Epaimahaikideek ere badakite
2003an Espainiako Auzitegi Gorenean Batasuna legez kanporatzeko egin zituzten auzi saioetako batean lekuko aritu zen Alfonso Alonso PPko buruzagia, orduko Gasteizko alkatea, eta lekukotasunaren ondorengo adierazpenetan esandakoa tituluetara eraman zuten hainbat hedabidek: «Titiko umeek ere badakite Batasuna eta ETA gauza bera direla». Alegia, frogen eta lekukotasunen beharrik ez zegoen, jakin beharrekoa jakiteko. Esaldiak balio du Udalbiltza auzirako ere: epaiketa egin baino lehenagotik ere, Euskal Herrian titiko umeek ere bazekiten auzipetutako hautetsiak ez direla ETAko kide. Orain, epaiketa bukatu delarik, epaimahaikideek ere badakite.
Urriak 27
Alderdi berria
Jakina zena baieztatu du Txelui Morenok: ezker abertzalea alderdi berria eratzeko lanean ari da. Gara-ko kazetari Iñaki Iriondok xehetasun gehiagoren berri eman du: helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea arbuiatuko du alderdi berriak. Alegia, Espainiako Auzitegi Gorenari zail jarriko diote betiko epaia ematea; are gehiago, ETAk hurrengo urratsa egiten badu, Gernikako Adierazpenean eskatutakoa ematen badu. Txelui Morenari ulertu zaionez, alderdi berria osatu nahi dutenek hala espero dute behintzat:«Uste dut baietz, erakunde armatuak adierazpen bat egingo duela zentzu horretan» [Gernikako Adierazpenean eskatutako zentzuan].
Urriak 28
Epaiaren salbuespena
«Herritarren axolagabekeria txarra da. Botere publikoen axolagabekeria izugarri txarra da. Eta axolagabekeria botere judizialera heltzen denean, zitala da». Torturaren arazoaz ari zen, nor eta Baltasar Garzon, duela bost urteko uztailaren lehenean hitz horiek esan zituenean, Madrilen, torturari buruzko jardunaldi batzuetan. Gezurra zirudien Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten hitzak izatea, baina halaxe ziren. Eta, bera mundu zabaleko leku urrunei buruz ari bazen ere, arrazoi osoa zuen. Zitala da.
Baina egoera zitalaren erdian, salbuespena agertu da. Guardia zibilek ohi bezala jokatu zuten; baina, ohi ez bezala, arrastoa utzi zuten eta, orain, fiskalarentzat ere sinesgarri ez den bertsioarekin zuritu nahi izan dute erreka ertz hartan gertatua.
Ondo bidean, epaimahaiak fiskalaren argudioekin bat egiten badu, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatu zituztenak zigortu egingo dituzte oraingoan. Torturaren Aurkako Konbentzioak nazioarteko krimentzat dauka tortura, eta genozidioarekin eta gizateriaren aurkako krimenarekin parekatzen du. Delitu larriari, zigor larria. Baina jakina da Espainiako legeriak ez diola irizpide horri jarraitzen; eta, gainera, inoiz inor zigortu izan dutenean indultua etorri izan dela jarraian.
Baina, zigorraren neurria gorabehera, garrantzia izango du epaiak, torturatu zituztela frogatutzat ematen badu. Salbuespena izango da sententzia, baina, hain zuzen ere, tortura salbuespena ez dela erakutsiko dio ikusi nahi duenari. Eta, bidez batez, barne ikerketa abiatu beharrean Guardia Zibilaren bertsioa itsu-itsuan bere egin zuen Barne ministroa, Perez Rubalcaba ahalguztiduna, bere erantzukizun larriaren aurrean jarriko du. Ondo bidean.
Urriak 29
Filtrazioak
Diskrezioaren garaia da eta, beraz, gezurtatze garaia ere bai. Brian Currinek-eta ETArekin bilera egin zutela argitaratu dute hainbat hedabidek, eta halakorik ez duela egin ziurtatu du Hegoafrikako abokatuak. Batasunak eta PSE-EEk bilera bat behintzat egin dutela argitaratu dute hainbat egunkarik egun berean, eta albistea guztiz gezurtatu dute atzo ahoa ireki zuten buruzagi sozialista guzti-guztiek.
Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren Txillarre baserri ezkutuan biltzen hasiak zirela 2001ean bertan argitaratu izan balitz, edota su-etena baino lehenagotik Egiguren bera ETAko ordezkaritza batekin hizketan ari zela behar baino lehen plazaratu izan balitz, Loiolako prozesua nekez iritsiko zen iritsi zen lekuraino. Diskrezioaren garaiak ziren eta, behar izan zenean, gezurtatze garaiak.
Gezurtatze garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu