GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak errauste plantaren obrak eten zituen iragan astean, baimena jaso zuen jatorrizko proiektuaren eta "lizitatuaren" arteko desberdintasunak direla eta. Ohar batean, etete horren arrazoiak agertu ditu GHK-k, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenei erantzunez.
Kutsaduraren prebentziorako legearen 10.5 artikulua du oinarrian GHK-k errauste plantaren obrak gelditzeko eskumenak. Horren arabera, bai Eusko Jaurlaritzak bai obren promotoreak eskumena izango lukete obrak eteteko, obren garapenean funtsezko aldaketak sumatuz gero. Horri erantzunez, Erkorekak adierazi zuen ingurumen baimen bateratuak indarrean jarraitzen duela, eta GHK-k erantzun dio ez duela "sekula" esan jatorrizko proiektuak baimenik ez duenik: "Esaten duguna zera da, lizitaziora ateratakoa ez dela baimena jaso zuen proiektu berbera eta bien artean dauden aldeak nabariak direla".
Aurreko GHKren kudeatzaileek izan behar zuten gobernuari aldaketa horien berri emateko arduradunak, "baina ez zen horrela izan", eta, horregatik, "logikoa da" gobernuak ez izatea horien berri, "joan den astean GHK-ko kudeatzaile berriak jakinarazi zion arte". Horregatik, GHK-k Eusko Jaurlaritzari esan dio obren etetearen erabakian parte hartu nahiko balu "informe tekniko arrazoitu bat" egin beharko lukeela, eta "gutxienez, frogratu ez dela aldaketarik izan jatorrizko proiektuaren eta lizitaziora ateratakoaren artean".
GHKren arabera, honako hau esaten du ingurumen baimen bateratuak: "Azpiegituratan aldaketak lotuko zaizkio 16/2006 legearen 10.3 artikuluan komunikazioari buruz dioenari, beste baimen bat emanez aldaketak handiak diren kasuetan". Baimen horrek zehaztu egiten ditu jatorrizko proiektuaren puntuak —hondakinen tratamendua Artzabaleta eremuaren barruan egongo diren lau eraikinetan egingo dela, eraikinak zertarako izango diren zehaztuz—. Horietako batean antzeman ditu aldeak GHK-k: "EAJ, esaten duenean eraikin horietatik bat —zepak eta eskoriak tratatzeko planta— autoritateen erregulazioaren zain dagoela, onartzen ari da proiektuari funtsezko aldaketak egin zaizkiola eta, ondorioz, ingurumen baimen berria eskatu beharko litzatekeela". Desberdintasun hori tarteko, "legearen mugetatik at" zegoen proiektu bat betearazi nahi zutela baieztatu du GHK-k, eta, beraz, errauste plantaren obrak bertan behera uzteko argudioak "zilegiak" direla.