GHKren zerbitzu juridikoek adierazi dute EH Bilduko batzarkideei ezin zaiela eskatu erantzukizun indibidualik GHK-k izandako galerengatik. Partzuergoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2017ko abenduan ebatzi zuen Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiak eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak «botere desbideratzea» egin zutela Zubietako errauste plantaren lanak eteteko, baina zerbitzu juridikoek uste dute ezin zaiela erantzukizun pertsonalik eskatu erraustegia geldiaraztearen alde bozkatu zuten batzarkideei, ezin delako frogatu doloz edo arduragabekeria larriz jokatu zutela. 2013ko azaroaren 23ko batzarrean egin zuten bozketa.
Zerbitzu juridikoen txostena proposamen gisa aurkeztu dute GHK-ren batzarrera. Kontsortzioak azaldu du txosten hori egiteko eskatu ziela zerbitzu juridikoei, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak ez zuelako zehazten erantzukizun indibidualik bazen edo kontsortzioak berak nola jokatu behar zuen.
Txostenean, zerbitzu juridikoek diote GHKri eginiko kalte ekonomikoa 8,7 milioi eurokoa izan zela, kalte-ordain hori pagatu zietelako errauste planta eraikitzekoak ziren enpresei. Kalte hori «ez zuen GHK-k jasan behar, ekintza administratibo baten bidez egin zelako, boterea desbideratuta, bi erakundeen sorrerako helburua urratuta».