"Arrazoi teknikoak" aipatuta, hilabete batez luzatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Zubietako errauste plantarako lizitazio prozesua. Joan den asteko ostiralean (hilaren 23an) hartu zuen GHK-ko kontratazio mahaiak erabakia, eta gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Errauste planta eraikitzeko lehiatu nahi duten enpresa taldeek, beraz, hilabete bat gehiago izango dute eskaintzak egiteko.
GHKren oharrak ez du argitzen hartu duten erabakiaren arrazoia, baina eragin nabarmena eduki dezake errauste plantaren proiekturako agintariek aurreikusita zeukaten kronologian. Izan ere, azarorako proiektua adjudikatu egin nahi zuten, eta 2017aren hasieran obrak hasi. Beraz, hartutako erabaki horren ondorioz, gutxienez hilabetez atzeratuko da prozesua.