Hondakinak

GHK-ko kontu hartzailea kargugabetu eta diputazioak zainduko ditu partzuergoaren kontuak

GHK-ko zorraren inguruan berriki txosten bat egin zuen kontu hartzailea kargugabetu egin du kontsortzioaren batzarrak. Diputazioak berak kontrolatuko ditu hondakinen partzuergoaren diru kontuak.

2015eko azaroaren 30a
13:17
Entzun

BERRIA-k eta Gara-k aurreratu zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) kontu hartzaileak egindako txosten bat, zeinean ohartarazi zuen Madrilek egindako kalifikazio aldaketa baten ondorioz, diputazioak bere gain hartu behar zuela GHKren zorra. Txosten hori egin izana ez zaie gustatu GHK-ko oraingo agintariei eta gaur arratsaldean egindako batzarrean kargugabetu dute. Horrekin batera, erabaki dute Gipuzkoako Aldundiak berak zainduko dituela GHKren kontuak.

GHK-k 50  milioi eurotik gorako zorra pilatu du,  eta diputazioak bere gain hartu behar du, ez duelako betetzen Espainiako Gobernuak ezarritako defizitaren eta zorraren muga. Kargugabetu duten kontu hartzaileak txostenean esplikatu zuen zor hori pilatu dela GHK-k duela bi agintaldi errauste planta finantzatzeko kontratatu zituen swap finantza produktuengatik. GHK ez dator bat horrekin, eta Bilduren "kudeaketa txarrari" egotzi dio kontsortzioak bizi duen "finantza egoera larria". 

Gainera, kontu hartzaileak txostenean ohartarazi zuen litekeena dela GHK desegin behar izatea. EAJk eta PSE-EEk kontrolatatutako GHK-k erabaki dute kontu hartzaile hori kargugabetzea uste dutelako "hobe" dela diputazioak berak kontuak kontrolatzea eta finantza arauak betetzea. Gaurko batzarrean ere GHK-ko idazkaria ere kargugabetu dute,  "haren eskariz", GHK-k berak azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.