GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoa auzitara eraman du teknikari batek. GHK-k teknikariari akusazio faltsuak egin dizkiola, ertsatu egin duela, legez kontra erretenitu duela eta mehatxuak egin dizkiola salatu du langileak. Joan den astean GHK-k teknikaria salatu zuen Ertzaintzaren aurrean; sozietate publikoko arduradunen esanetan, langileak enpresako ordenagailu bat eta disko gogor bat eraman zituen lantokitik.
Ordenagailuan eta disko gogorrean informazio «oso garrantzitsua» zegoela azaldu zuen GHK-k. Zehazki, Zubietako errauste planta eraikitzeko prozeduran irregulartasunak eta legez kontrako urratsak egin direla frogatzeko informazioak zeudela nabarmendu zuen sozietate publikoak. Langilearekin elkarrizketa bat izanik, langileak berak irregulartasun horiek aitortu zituela eta informazioa CD batean emateko konpromisoa hartu zuela ere adierazi zuen GHK-k. Hurrengo egunean teknikaria lanetik irten zen, abisurik eman gabe, eta gerora gaixo agiria hartu zuen, antsietatea zuela azalduta.
GHK-ko arduradunek eginiko eskariei ez die erantzun langileak geroztik. Gaur berretsi dute teknikariak ez duela informazioa itzuli. «Seguru asko, orain jarri duen salaketa hau estrategia bat besterik ez da, GHK-k duen informazioak ez dezan eduki eduki beharko lukeen eragin legala». Teknikariaren salaketa gaur eraman dute ertzainek GHKren egoitzara. Bulegoen sarrerako korridorea hartzen duten kameren grabazioa ere eskatu du Ertzaintzak.
Salaketa jaso ostean, teknikariari buruzko datu berri batzuk ere eman ditu GHK-k. Jakinarazi du informazioa gordetzeaz akusatutako langileak izan behar zuela Zubietako errauste plantaren arduraduna. «Beraz, lehen eskuko informazioa zuen». Baina informazio hori ez zien eman GHKren egungo kudeatzaileei, haien esanetan. «Azken egunetan gertaturikoek agerian uzten dute teknikari honek informazio oso sentibera gordetzen eta babesten duela», GHKren esanetan.
Bestalde, GHK-k jakinarazi du teknikari hori Katalunian aritu zela trebatzen. «Zubietako errauste planta eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen enpresarekin loturak dituen errauste planta batean», zehazki. Handik egun batzuetara, teknikari hori izan zen lehiaketa publikoan enpresa horren beraren eskaintza teknikoaren ebaluazioa onena zela ebatzi zuena. «Zubietako errauste plantaren eraikuntza, exekuzio eta tramitazioa prozedura guztia irregulartasunez betea dago».