Ohikoa da jada gidabaimeneko puntu guztiak galdu eta baimenik gabe geratzearen arriskua, baina ez ibilgailua bera galtzearena. Gaurtik aurrera, ordea, gerta daiteke hori, indarrean sartu baita aukera hori jasotzen duen Espainiako zigor kodearen erreforma.
Errepide nagusietan abiadura mugak ezarritakoa baino orduko 80 kilometro azkarrago gidatzeagatik, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik zigortutakoei, alegia, zigor kodeak jasotzen dituen arau hausteen egileei, ibilgailua kenduko zaie. Izan ere, 385 artikuluari paragrafo berri bat gehitu diote erreforman: «Gertaeran erabilitako ibilgailua delitu tresna dela ulertuko da, 127. eta 128. artikuluei jarraituz». Bi artikulu horiek tresnaren konfiskatzea arautzen dute.
Europako Gidarien Elkartea (EGE) 385bis horretan idatzitakoaren aurka azaldu da. «Orain arte, neurri hori gidari kamikazeen aurka egiteko bakarrik erabilia zen». Neurria bideko segurtasunaren aurkako delitu guztietara zabaltzea «proportziorik gabekoa»dela iruditzen zaie, bereziki ez bada «emaitza kaltegarririk edo aurrekaririk» izan.
Konfiskatzearen helburua delitua egiteagatik lor daitekeen edozein abantaila saihestea dela nabarmendu du EGEk. Horregatik uste dute «proportziorik gabeko neurria» dela, «ibilgailua ez baita bide segurtasunaren aurkako delitua egitetik eskuratzen den tresna». Konfiskatzearekin lortu nahi dena zuhurtasunezko neurriak hartzea bada, konfiskatzea erabili beharrean, gordailuaren formula erabiltzea egokiagoa dela defendatzen du EGEk: «Gizartearekin duen zorra ordaindu ondoren, bere ibilgailua berreskura dezan ahalbidetzen dio gordailuak gidariari». EGEk uste du konfiskatzea ez dela «salbuespen neurri» gisa ezarri, eta bide segurtasunaren aurkako delitu guztietan aplika daitekeelakoan dago. Horregatik, uste du Espainian 50.000 gidarik autoa gal dezaketela.
Zigorren berdintasuna
Konfiskatzea ez da Espainiako zigor kodearen erreformak bide segurtasunari dagokionez jasotzen duen aldaketa bakarra. Berdindu egin dira abiadura mugak gainditzeagatik, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik jaso daitezkeen zigorrak.
Bestalde, epaileek espetxe zigorra murrizteko aukera izango dute 379, 383, 384 eta 385. artikuluetan jasotako delituetan. 379. artikuluak hiru eta sei hilabete bitarteko espetxe zigorra ezartzen badu, 45 eta 89 egun bitartera jaits dezake zigorra epaileak. 383.ean, sei hilabete eta urtebete arteko zigorra ageri da, baina 90 eta 179 egun artera murritz dezake epaileak. 384 eta 385 artikuluek araututako zigorren beherapena 379 eta 383 artikuluen kasuan aplika daitezkeen murrizketa berdinak dira, hurrenez hurren.
Droga edo alkohol proba egiteari uko egitea ere arautu du erreformak, baina horrek ez du eragin berririk Hego Euskal Herrian, jada arautua baitzegoen.
Gidabaimenaz aparte, ibilgailua ere gal dezakete gidariek gaurtik aurrera
Indarrean da Espainiako zigor kodearen erreforma, eta gidarien artean eztabaida sortu dute puntu ugarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu