Kordobara presoak bisitatzera zihoan senide talde bat geldiarazi zuen Guardia Zibilak joan den asteburuan, pistolak eskuetan. Senideek eta Mirentxin elkartasun kolektiboko gidariek azaldu dutenez, kontrolean gelditu ez izana leporatu zieten lehenik guardia zibilek, eta ondoren "terrorista" baten matrikula zutela esan.
"Pistola eskuan zutela atera ziren. Gidariari buruan jarri zioten. Ez genekien zer egin. Hilko gintuztela uste genuen", kontatu du senide batek. "Lurrera bota ninduten. Goizeko laurak ziren, eta ez genuen ezer ulertzen". Azkenean, guztia "akatsa" izan zela esan, eta joaten utzi zieten.
Furgoneta "ia ez zuten erregistratu", ezta bidaiariak identifikatu ere. Kordobarako espetxera iristeko bi orduko bidaia geratzen zitzaien orandik une horretan, bi ordu "urduritasunak jota". Gainera, itzulerako hamar orduko bidaia ere geratzen zen, "nekea, arriskua eta tentsioa gehituz".
Etxerat-ek gogor salatu du gertatutakoa: "Akatsa izan zen? Gu bakarrik gelditzen gaituzte. Ohituegiak gaude jazarpen poliziala jasatera". Halakoen atzean "bidaiak zailtzeko eta gogorragoak egiteko borondatea" dagoela uste du elkarteak, eta nabarmendu du gertatutakoak gertatuta ere komunikabide batzuk "errealitatea ezkutatzen" jarraitzen dutela. Horiek hala, konpromisoa eskatu diete eragile politikoei.