17. Korrika

Gipuzkoa, lasterka

Goierrin eta Urola aldean, eskola umeak, gazteak eta inguruetako enpresetako langileak izan dira euskalakariErrenterian ospatu du Korrikak Trebiñu eta Donostia arteko bidearen erdiko kilometroa

Azpeititik pasatzean, aurten Kilometroak festa herri hartan egingo dutela gogoratu zuten. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Azkoitia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Egun jendetsua izan zen 17. Korrikak Euskal Herrian barrena igaro duen zazpigarrena. Gipuzkoako lurretan ibili zen ia egun osoan. 23:00ak aurretxoan sartu zen euskararen aldeko lasterketa Bizkaian, Etxebarritik, Gasteizera bidean. Gaur iritsiko da Arabako hiriburura.

Tolosan harrapatu zuen atzoko egunsentiak Korrika. Jendetza ibili zen lekukoaren atzetik. Oso goiz izan arren, ume mordoa zegoen lasterka egiteko prestu. Bederatziak jota zeudela sartu zen Goierrin, Legorretatik. Herri hartan eta Itsasondon, udalek erositako kilometroetan AEK-ko ikasleek eraman zuten lekukoa. Aramatik Ordiziara bidean jakin zuten lasterketan Jose Mari Sagardui Gatza preso zornotzarra aske gelditu zela. Mikrofonotik jakinarazi zuten, eta euskalakariek «presoak ere euskararen alde» oihu eginez erantzun zuten.

Goiz parteko kilometro jendetsuenak Ordiziakoak izan ziren. Besteak beste, errugbi taldeko jokalariek, udalak, ikastetxeek, gaztetxeak eta AEKren euskaltegiak eraman zuten. Alde zaharreko kaleetan bildu zen jendetza handiena. Kale bazterrak Korrika nola igarotzen zen ikusi nahi zuten herritarrez bete ziren. Lasterkari eta begirale, ia-ia ordiziar guztiak kalean ziren. Eskoletako ume txikienek espaloietan eserita egin zioten txalo.

Beasainen ere jende dezente ibili zen lekukoaren atzetik lasterka. Eskualdeko enpresa garrantzitsuenetako beharginek eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek egin zuten lasterka herrian zeharreko kilometroetan.

Goierritarrek azkar egin bide zuten lasterka, eskualdean egindako tarte batean hogei minutuko aurrerapena baitzeraman Korrikak. Hala, pausoa mantsotzeko kantu lasaiak jarri zizkieten, edota abesteko modukoak. Mikel Laboaren Txoria txori aukeratu zuten, kasurako. Baina oker atera zitzaien. Laboarena beharrean, Etsaiak taldearen bertsioa izan baitzen.

Lazkaon, 1366. kilometroan, Dionisio Amundarain euskaltzain urgazleak eraman zuen lekukoa. Txalaparta doinuek egin zioten ongietorria Korrikari. Herriko azken kilometroan zuriz jantzitako ume pilotari talde batek hartu zuen lekukoa. LAPKE elkartekoak ziren. Lazkaomendin gora, nekerik gabe egin zuten kirolari txikiek.

Mendateetan ere gogor

Idiazabalen, gazte asanbladako kide Josebak bertso dotorea eta irrintzia bota zituen. Zerainen, euskaltzain batek hartu zuen lekukoa: Mikel Zalbidek. Mandubia mendatean gora hamar euskalarik osatutako talde kementsu batek lagundu zuen Korrika.

Urola aldean ere jendetzak egin zion harrera Korrikari. Batez ere, Azpeitian eta Azkoitian elkartutako lagun taldeak azpimarratzekoak dira. Ehunka euskalakari ibili ziren bi herriotan lasterka, baita Zestoan ere. Azpeitian Ikasberri ikastolakoak aurtengo Kilometroen ikurrekin ibili ziren.

Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek ere eraman zuten lekukoa. Haritz Etxeberria Ministro bertsolariak, hain zuzen. Bertsoa eskatu zioten, baina hasieran bota nahi ez arren, gero furgoneta gainetik ibili zen kantuan. Azkoitian, solidarioek ekintza txiki bat egin zuten: aldamio batetik jaitsi ziren eta afixak bota zituzten. Handik, Soraluze, Elgoibar eta Eibar aldera abiatu zen. Azkarate gainean, gogotik nekatu ziren lasterkariak.

Korrika Bidasoaldean, Oarsoaldean eta Beterrin ibili zen atzo egunak argitu aurretik. Errenterian bete zuen lasterketak bide erdia, xanpain eta guzti. Hernani izan zen euskalakari gehien bildu zuen herria. Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean, Berria taldeko beharginek egin zuten korrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.