Ia lau urteko lanen ondoren -2006ko irailaren 26an hasi ziren-, gaur eguerdian inauguratu dute Donostiako bigarren ingurabide edo saihesbidea. Trafikoarentzat, baina, arratsaldeko bostetan ireki dute. Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil lotu ditu azpiegitura berriak, eta Donostiako saihesbide nagusiari egunero 40.000 ibilgailu -%40- kenduko dizkiola adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Errepide honekin Gipuzkoa hobeto komunikatuago egongo da, eta lehiakorragoa izango da ekonomikoki eta sozialki", Olanoren arabera. Honek esan du "krisi garaian ezinbestekoa" dela "lehiakorragoa" izatea.
300 milioi euroko aurrekontua izan dute lanek. Errepidea autobidea da eta bidesari "merkea" dauka, Foru Aldundiaren iritziz. Zarautz, Orio, Oiartzun eta Irungo ordainguneetan pagatuko dute erabiltzaileek: ibilgailuek +0,37 euro, lehen kategoriako kamioiek +0,63 eta bigarren kategoriakoek +0,74. Viat txartela dutenek ez dute ordainduko, baldin eta egunean zehar ordaingune horietatik pasatuz gutxienez joan-etorri bat egiten badute. Uztailaren 1ean jarriko dute indarrean ordainsari sistema berria.
Hiru zati ditu
Denera 16,7 kilometro ditu errepide berriak -sei tunel daude; 1,5 kilometro- eta toki batzuetan A-8arekin bat egiten du.
Hiru zatitan banatuta dago. Batek, Errenteria eta Astigarraga lotzen ditu. 8,5 kilometroko luzera du, eta norabide bakoitzean hiru bide ditu. Beste zati batek, Astigarraga eta Lasarte-Oria elkartzen ditu. 4,5 kilometroko luzera du, eta bi bide ditu norabide bakoitzean. Eta beste batek, Lasarte-Oria eta Aritzeta elkartzen ditu. Azken horrek 3 kilometroko luzera du eta, aurrekoak bezala, bi bide ditu norabide bakoitzean.
azpiegiturak
"Gipuzkoa lehiakorragoa" izango da Donostiako saihesbide berriarekin
Gaur eguerdian inauguratu dute bigarren ingurabidea; trafikoarentzat arratsaldeko bostetan zabaldu dute. Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil lotu ditu, eta beste saihesbideari egunero 40.000 ibilgailu kenduko dizkio, %40. Bidesari "merkea" dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu