Gipuzkoa en estado de excepción (Gipuzkoa salbuespen egoeran) liburua aurkeztu dute EHU eta Aranzadiko hainbat ikerlarik elkarlanean. Ikerketan parte hartu dutenen artean daude, besteak beste, Pako Etxeberria auzitegi-medikua edota Jon Mirena Landa katedraduna.
ETAk Meliton Manzanas poliziako inspektoreburua tiroz hil ostean, jarri zuten indarrean salbuespen egoera Gipuzkoan, 1968ko abuztuaren 3an. Egun horretan hasi eta zortzi hilabeteko tartean errepresioa nabarmen gogortu zen lurralde horretan. Mugimendu independentistaren baitan zebilen edonor izan zitekeen atxilotua eta "gorri separatista" izateaz akusatua.
Liburuaren egileek egindako dokumentazio lanari esker, errepresioaren biktima izandako 279 pertsona identifikatu dituzte. Horietatik 56 erbesteratu egin zituzten, 107 Ordena Publikoaren Auzitegian epaitu zituzten, eta gutxienez 21 epaiketa militarretan zigortu. Horretaz gain, 79 atxilotuk salatu zituzten torturak sabuespen egoerak iraun zuen zortzi hilabete horietan.
Datuak ez ezik, garai hartako irudiak ere bildu dituzte egileek. Liburuan ikus daitezke, besteak beste, Francok Donostian egindako egonaldietako argazkiak, edota Orixe ikastolan agertutako pintaketa frankistak.