gizartea

Gipuzkoak 2012a bukatu artean urtero 25 mila tona zabor eramango ditu Bizkaira

Markel Olano eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiek gaur sinatu dute akordioa. Zubieta Donostiako auzoan errauskailua egin arte eramango dituzte hondakinak.

2008ko maiatzaren 8a
20:04
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gaur sinatutako akordioaren arabera, Gipuzkoak urtero hara 25 mila tona zabor bidaliko ditu. "Elkartasunagatik eta justiziagatik" egin dute hitzarmena, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak esan duenez. Hain zuzen, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta biek sinatu dute akordioa, Bilbon. Bizkaiko Batzar Nagusiek jo beharko dute ontzat.

Gipuzkoan dagoen "saturazioa" dela-eta eramango dituzte Bizkaira hondakinak, eta Zubieta Donostiako auzoan errauskailua egin arte jardungo dute eramaten -2012 bukaerara edo 2013 hasierara arte-.

Ermua eta Mallabia Bizkaiko herriek hamar urtean Gipuzkoara eraman izan dute zaborra, eta akordioa egitean hori kontuan hartu dutela adierazi du Bilbaok. Tona gehien Jatako eta Igorreko zabortegiek hartuko dituzte.

Olanok eskertu egin du Bizkaiko Foru Aldundia, "Gipuzkoak behar duelako orain halako laguntzarik".

Bizkaiko PPk alderdien arteko "adostasuna" eskatu du eta EBk informaziorik jaso ez izana kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.