BIDE AZPIEGITURAK

Gipuzkoak 2018rako martxan nahi du N-1eko ordainsari sistema berria

Free flow teknologian oinarritutako sistema ezarri nahi du, ibilgailuek gelditu behar izan gabe funtzionatuko duena. Aldundiaren arabera, kamioi astunei soilik eragingo die.

Irunen, Andoainen eta Etzegaraten jarriko dituzte arkuak ordainsari berriarentzat. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko ekainaren 29a
07:34
Entzun

Beste ordainsari sistema bat izango du Gipuzkoak 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera N-1ean. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak eta Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendari nagusiak eman dituzte horren xehetasunak gaur, Donostian. Batez ere, Gipuzkoakoak ez diren kamioilariengan jarri dute arreta: haiek ere errepidearen mantentze lanetan ekarpena egin dezaten.

Oiarbidek azaldu duenez, 2010ean gaiaren inguruko ponentzia egin zuten Batzar Nagusietan, eta han onartutako ondorioetan oinarritu dira sistema berria pentsatzeko. Hiru helburu bete nahi dituzte horrekin. Batetik, kanpoko kamioilariek ekarpena egitea. Bestetik, N-1 errepideko trafiko pilaketa arintzea eta, azkenik, Europako 2011/76 zuzentaraua indarrean jartzea.

AT sistema izango du ordainsari berriak. Hiru tokitan izango dira ordainlekuak: Etzegaraten, Andoainen eta Irunen. Ez dira ohiko ordainlekuak izango: ibilgailuek ez dute geldialdirik egin beharko. Izan ere, metalezko arkuak jarriko dituzte hiru toki horietan, joan-etorriko norabideetan, eta, horien gainean, ibilgailuak identifikatzeko ekipo elektronikoak jarriko dituzte. Kamioiak arku horien azpitik pasatzean, gailuek ibilgailuaren bolumena neurtuko dute lehenengo; gero, matrikula (aurrekoa), T Bidea gero, eta, azkenik, atzeko matrikula irakurriko duen beste irakurgailu bat izango du.

Azaldu dutenez, Gipuzkoaz kanpoko kamioilariek ordainaraztea dute helburu, baina Europak ez du uzten jatorriaren araberako bereizkeriarik egiten. Azaldu dutenez, hiru zati izango dituen ordainsari sistemak ahalbidetuko du Gipuzkoa barruko kamioilariei "kalte berezirik" ez egitea, eta, aitzitik, Gipuzkoa Irundik Etzegaratera bitartean zeharkatzen duten kamioiek ordaintzea. Hiru arkuetatik pasatzen diren kamioiek soilik ordainduko dute bidesari guztia —10 euro azpikoa izango dela kalkulatu dute—; Andoainen, bi kilometroko zatia euro baten azpitik ordainduko dute, eta Idiazabal-Etzegarate zatia, 3,5 euro azpitik; guztiak, BEZ barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.