Gipuzkoak 378 kilometro bidegorri izango ditu 2015. urtean

Bizikleta erabiltzea sustatzeko, Diputazioak bidegorrien sare bat egiteko proiektua aurkeztu du

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak aurkeztu du bizikleta bideen lurralde plan sektorialaren aurrerapena. Plan horren arabera, egun dauden 194 kilometro bidegorriak ia bikoiztu egingo dira. Izan ere, 378 kilometrotara iristeko asmoa du Diputazioak. Lanen bat edo beste atzeratzea posible den arren, 2015erako bidegorrien sarea amaitzea espero du Diputazioak.

Proiektu horrekin bizikleta erabiltzea sustatu nahi dute. Jendeak herri barruko joan-etorriak bizikletaz egitea da helburua, bai egunerokoan egitea eta bai aisialdirako egiten diren mugimenduetan egitea ere.

Oinarrizko sarea amaitzen denean, bederatzi ibilbidek osatuko dute. Sarea bi saretan banatuko dela esan du Diputazioak. Udalenak diren bizikleta bideen udal eremua litzateke bata, herri barrua eta auzoak lotzen dituena alegia. Eta bestea, berriz, hirien arteko foru sarea litzateke, ibilbideek zeharkatzen dituzten udalerriak lotzen dituena hain zuzen ere.

Proiektu egokia prestatu ahal izateko, hainbat lagunekin bildu da Gipuzkoako Diputazioa. Gipuzkoa osoko udaletako, udalerri nahiz eskualdeko erakundeetako eta elkarteetako 60 pertsonarekin hitz egin dute, proiektua lantzen hasi aurretik. Esan dutenaren arabera, hainbat bilera egin dituzte kide horiekin guztiekin, sare «ziur eta erosoa» eskaintzea xede.

Proposamenak onartzen dira

Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu zen lehenengo aldiz proiektua abuztuaren 11n. Ordutik Diputazioaren webgunean horren inguruko informazioa dagoela jakinarazi du Aldundiak. Gehitu dutenaren arabera, bidegorri sarearen inguruko proposamenik egin nahi izanez gero, Garapen Iraunkorreko Departamentuaren ingurumenari buruzko webguneak horretarako aukera ematen du.

Baina, norbaitek, proposamena pertsonalki egin nahiko balu, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetara joatea posible dela adierazi du Diputazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.