Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde osora zabaldu nahi du bosgarren edukiontzia; San Markoko Mankomunitateak eta Usurbilgo Udalak, berriz, bosgarren edukiontzi horren eta atez ateko hondakinen bilketaren arteko konparaketa egin dute. «Emaitzak ikusgarriak dira», ziurtatu du Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak: «Bosgarren edukiontzi guztiek batera biltzen duten organikoa baino gehiago biltzen du atez atekoak Usurbilen. Hobea izateaz gainera, merkeena da». Martxoan Usurbilgo industrialdeetako eta saltoki handiko hondakinak atez ateko sistemarekin biltzen hasi ziren -Urbil saltoki handia eta Ingemar enpresa hasi dira atez atekoarekin, besteak beste-. 77 tona organiko bildu zituzten martxoan, Gipuzkoa guztian gaika bildu ziren hondakin organikoen %53.
Bosgarren edukiontzia eta atez atekoa konparatu ditu Errekondok. Donostiako Amara auzoak 25.000 biztanle inguru ditu, eta 25 tona hondakin bildu dituzte bosgarren edukiontziarekin. Usurbilen, populazioa ia bost aldiz txikiagoa izanda, hiru aldiz organiko gehiago bildu dute. Aretxabaleta Usurbilen tamainako herria da; bosgarren edukiontzia dute Aretxabaletan ere, baina Usurbilen baino hamairu aldiz hondakin gutxiago jaso dute bereizita.
Errekondok nabarmendu du, kantitatean ez ezik, kalitatean ere oso emaitza onak lortu dituela Usurbilek: «Biltzen den organikoa izugarri garbia da». Martxoan bildutako organikoaren %1 soilik izan da desegokia. Datu horiek guztiak ofizialak direla ohartarazi du Usurbilgo alkateak.
Bi sistemen arteko gastuen eta irabazien balantzea ere aurkeztu du Errekondok. Bosgarren edukiontziaren sistema atez atekoa baino bi aldiz garestiagoa dela adierazi du. Bilketa gastuak antzekoak diren arren, atez atekoarekin organiko gehiago biltzen da, eta errefusa gutxitzen. Errefusaren tratamenduak garestitzen du kudeaketa, hain justu.
San Markoko Mankomunitateko presidenteorde Imanol Azpirozek ere aztertu du Gipuzkoan bosgarren edukiontzia zabaltzeko egitasmoa. Orain arte bost herritan -Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaia- eta Donostiako Amara auzoan garatu da esperientzia, eta leku horietako biztanleen %14 inguruk parte hartu dute. «Bosgarren edukiontziarekin, gehienek lehen bezala jarraitzen dute, ez dute organikoa ateratzen», ohartarazi du Azpirozek. Edukiontzi horietako organikoa jasotzen aritu den kamioia hutsik ibili dela, «airea» garraiatu duela adierazi du: «Ia hutsak zeuden edukiontziak biltzera joan da kamioia». Foru Aldundia atez atekoari oztopoak jartzen ari zaiola ere salatu du: «Ez dute organikoa bildu nahi, bosgarren edukiontzia makillajea da».
Gipuzkoan gaika bildutako organiko guztiaren %70 jasotzen du San Markoko Mankomunitateak-Amarako bosgarren edukiontzietako, Garberako eta Donostia Ospitaleko materiak ere sartzen dira hor-. «Organiko gehien bildu eta birziklatzen duen mankomunitatea da San Marko, konpromiso gehien duena», adierazi du San Markoko presidente Ricardo Ortegak. Foru Aldundiari jarrera aldatzeko eta atez atekoa babesteko eskatu dio Ortegak. Horrekin batera, errauste plantaren egitasmoa sei urtez gelditzeko eta zero zabor programa bat indarrean jartzeko ere eskatu du.
Goierrin eztabaida eske
Goierriko zazpi alkatek eta hamabost herritako 55 zinegotzik bilera egin zuten, herenegun, Ormaiztegin. Goierriko hondakinak biltzen dituen Sasieta mankomunitateari eskatu diote atez ateko bilketa aztertzeko eta, hori egin bitartean, bosgarren edukiontzia jartzeko egitasmoa ez abiatzeko. Hautetsi independenteek, EAkoek, EBkoek eta ezker abertzalekoak sinatu dute agiria.
Gipuzkoak 5. edukiontziekin baino gai organiko gehiago bildu du Usurbilek atez ate
Atez atekoa bosgarren edukiontziaren sistema baino merkeagoa dela azaltzeko datuak eman ditu Usurbilgo alkateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu