Amatasun sarien gaineko PFEZa itzultzeko prozedura martxan jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta diru hori berreskuratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu ditu.
Lehen urratsa, eskaera orria betetzea da. Foru ogasunaren webgunean dago eskuragarri (www.ogasuna.eus). Hori da bete beharreko dokumentu bakarra, ogasunak Espainiako Gizarte Segurantzarengandik eskuratuko baititu amatasun sariengatik ordaindu diren prestazioen datuak.
Bere garaian PFEZaren aitorpena aurkeztu ez zuenak orain izango du aurkezteko aukera, eta diru hori itzuli diezaiotela eskatzekoa.
Itzultzea lehenago eskatu dutenek, berriz, ogasunaren erantzuna jaso badute eta erantzun hori dagoeneko irmoa bada, ezingo izango dute berriro eskaera egin.
2018ko prestazioak hurrengo errenta kanpainan erregularizatuko direla jakinarazi du foru ogasunak, aurtengo errenta aitorpena aurkezten denean.
Araban, itzultzea automatikoki egingo du lurraldeko foru ogasunak. Bizkaiak ere itzultzeko aukera eskaintzea onartu du. Nafarroak, berriz, ez du sarien PFEZa itzuliko.
Joan den urriaren 4an, amatasun laguntza jaso duten emakumeek errenta zergan atxikitakoa berreskuratzeko eskubidea dutela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.