Mugikortasuna

Gipuzkoak "akordio teknikoa" lortu du Renfe gehitzeko Mugi txartelaren deskontuetara

Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak jakinarazi duenez, Renfe urte amaierarako batzea da aldundiaren helburua. Erabiltzaileentzako "abantaila nabarmenak" izango dituela iragarri du.

Renferen aldirietako zerbitzuko tren bat, Donostiako geltokian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2018ko maiatzaren 16a
15:03
Entzun

Gipuzkoa izango da bere eremuko garraio publiko guztiak garraio txartel bakar batean bilduko dituen lehen euskal lurraldea. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Marisol Garmendiak Euskadi Irratiak eginiko elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Renferen Gipuzkoako aldiri zerbitzua Mugi txartelaren deskontu politiketara batuko da. Aldundiak urte amaierarako espero du neurria gauzatzea.

Garmendiak azaldu duenez, Renfek eta Gipuzkoako Aldundiak "akordio teknikoa" lortu dute Espainiako tren zerbitzurako enpresa Mugi txartelera gehitzeko. Oraindik, baina, akordio hori "aztertu eta onartu" beharko dute Espainiako Sustapen Ministerioak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzaritzak. Garmendiaren esanetan, zenbait xehetasun "tekniko eta ekonomiko" lotzea falta da.

Mugikortasun diputatuak nabarmendu du Renferen erabiltzaileek "abantaila nabarmenak" izango dituztela Mugi txartelaren deskontuei esker. Egunero, 17.500 erabiltzaile inguruk bidaiatzen dute Renferen Gipuzkoako aldiri zerbitzuan.

Mugi txartela 2013an sortu zuen Gipuzkoako Aldundiak. Txartelak berrikuntza ugari ezarri zituen lurraldeko garraio publiko sarean: tarifa sistema bera garraiobide ezberdinetan, erabileraren araberako deskontu progresiboak eta talde berezientzako hobariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.