GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi du aurreakordio bat egin duela Erriberako Mankomunitatearekin (Nafarroa). Horren arabera, Gipuzkoak urtean gehienez 75.000 tona zabor eramanen ditu Tuterako El Culebrete tratamendu zentrora, "Gipuzkoako Ingurumen Gunea [erraustegia] abian jarri bitartean". Garraiatutako zaborra "errefusaren edukiontzitik eratorritakoa" izanen da, "gaikako bilketari esker eskuratutakoa, eta lurraldearen azpiegitura gabezia dela-eta Gipuzkoan bertan tratatu ezin dena". GHK arduratuko da hondakinak garraiatzeaz. GHKren Batzarrak "hurrengo egunetan" onartu beharko du Erriberako Mankomunitatearekin egindako aurreakordioa.
GHK-k urte hasieran hitzartu zuen hondakinen zati bat Espainiako Meruelo herriko zabortegira eramatea, Kantabrian. Horrekin batera, errefusaren bertze zati bat Gipuzkoan bertan biltzeko asmoa du GHK-k, Mutiloako Lurpe zabortegi industrialari kalifikazioa aldatu eta hiri hondakinak jasotzeko gune izendatuta. Kontsortzioaren arabera, Tuterako zabortegiak Gipuzkoaren beharren %47 beteko du datozen hiru urteetan.