hondakinak

Gipuzkoako 50 alkatek iragarri dute euren udalek ez dutela errauste planta finantzatuko

Bilduko eta talde independenteetako alkateak atez ateko sistemaren alde agertu dira, "eraginkorrena" hori delakoan.

2012ko ekainaren 4a
13:17
Entzun

Gipuzkoako 50 alkatek iragarri dute euren udalek mankomunitateen bidez-eta ez dutela Zubietako (Donostia) errauste planta finantzatuko eta euren herrietako zaborra ez dutela erraustuko. Zaborra jasotzeko orain arteko sistemarekin ezin da segitu, haien arabera, eta birzikla daitekeen dena birziklatzen saiatuko direla esan dute.

"Zerbitzuei eusteko-eta aurrekontuetako arazo larriak" dituzten garai hauetan, udalak ez daude "nahi ez duten errauste plantan" dirua xahutzeko prest, alkate haiek esan dutenez. Egitasmoi hori ingurumenarentzat kaltegarria dela iritzi diote, halaber.

50 alkateak atez ateko sistemaren alde azaldu dira. Izan ere, adierazi dutenez, bilketa era horrekin hondakinen %80 birziklatzen da, Oiartzun, Hernani, Usurbil eta Antzuolako ereduek erakusten omen duten bezala. "Atez atekoa da sistemarik eraginkorrena".

Dena dela, hondakinak gaika jasotzeko sistema horretan era desberdinak egon daitezkeela uste dute. Haien iritziz, bosgarren edukiontzia atez atekoaren datuen aldean "oso urruti" geratzen da.

Bilduko eta talde independenteetako alkateak dira gaur prentsaurrekoa eman dutenak. Donostian egin dute agerraldia, Miramar jauregian. Lezo eta Zarauzko alkateak mintzatu dira: Ainhoa Zabalo eta Juan Luis Illarramendi.

Hilaren 17an Saguesen (Donostia) Zero Zabor-ek antolatuta egingo den mosaikoan parte hartzeko eskatu dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.