Beasaingo Igartza jauregian egin dute ekitaldia aldundiko eta udaletako ordezkariek. Akordioaren bitartez, udalek aldundiari informazioa emango diote, eta aldundiak udalei. "Horrek guztiak eguneroko lana eta herritarren izapideak nabarmen erraztuko ditu. Horrez gain, iruzurraren aurkako borroka sendotzea lortu dugu”, esan du Martin Garitano ahaldun nagusiak.
Hitzarmen berriak hiru helburu ditu: batetik, herritarrei tramiteak erraztea, administrazio publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak berriro ez aurkezteko duten eskubidea ahalbideratuz; bestetik, udalei eta diputazioari beren eskumenak betetzen laguntzea; eta, azkenik, zerga iruzurraren aurkako lanaren "eraginkortasuna hobetzea".
Orain arte Ogasunetik udalera bideratzen zen informazio fiskala ematen jarraituko da, eta, aldi berean, Ogasunak Gipuzkoako udaletatik bere eskumenak gauzatzeko behar duen informazioa lortuko du —hori da berrikuntza nagusiena—.
2005ean onartutako ituna zegoen indarrean orain. Horren bitartez, Ogasun eta Finantza Sailak informazioa alde bakarretik ematen zien udalei beren funtzioak bete ahal izateko beharrezkoa zuten informazioa. Helena Franco Ogasun diputatuak halako adibidea jarri du: "Esaterako, gizarte zerbitzuen alorreko laguntzak kudeatzeko PFEZeko errenta oinarria eta Ondasun Higiezinen Zergari buruzko datuak ematen zituen Ogasunak, edo udal zergen bilketa errazteko datuak; horrez gain, laguntzak tramitatzeko edo kontratu publikoetarako, eskatzaileak zerga obligazioak beteta izanari buruzko informazioa eskaintzen zen".