Ohar batean jakinarazi du Carlos Urkijok diputazioaren erabakiaren kontra helegitea jartzeko erabakia. "Sezesioaren sustapena leialtasun konstituzionalaren printzipioaren kontrakoa da", adierazi du Urkijok. Gogorarazi duenez, Administrazio Publikoen Espainiako 30/1992 Legean jasotzen da printzipio hori.
Gipuzkoako 2014rako aurrekontuetan Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari 100.000 euro ematea adostu zuten Bilduk eta EAJk, eta astelehenean jarri zuen helegitea Urkijok: "Independentzia lagundu nahi duenak egin dezala, baina ez erakunde publikoetatik".
Gainera, ohartarazi duenez, "aurrekontuetan antzerako diru laguntzak jasotzea asmo duten erakunde publikoek lege urraketa bera egingo lukete, agerikoa delako sezesioaren sustapena ez dagoela bere helburuen eta eskumenen artean".
Halaber, nabarmendu du erabakitzeko eskubidearen "eufemismoaren" atzean independentzia aldarrikapena dagoela, "eta agerikoa da Espainiako zati batek, Euskadik kasurako, ez duela erabakitzeko eskubiderik". "Euskal Herrian nahiz Katalunian gizartearen parte batek ez luke ulertuko esku hartzeko eskumena dugunok eskura ditugun tresna guztiak ez erabiltzea ordena konstituzionala defendatzeko", gaineratu du.
Bideoa: mugimenduak Durangon atzo eginiko aurkezpena (Gure Esku Dago).
[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2123/[/berriatb]