GIZARTEA

Gipuzkoako Aldundiak 30.000 euroko ekarpena egingo dio Irungo alarde mistoari

Martin Garitanok hitzarmen bat sinatu du alardearekin, hiru helburu bermatzeko asmoz: herritarrak sentsibilizatzeko emakumeek beren herriko jaietan berdintasun egoeran parte hartzeko duten eskubideaz; berdintasunezko alardea antolatzeko, eta, emakumeenganako indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko.

2012ko ekainaren 8a
19:02
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako aldun nagusiak hitzarmen bat sinatu du, gaur, Irungo alarde mistoarekin; horren bitartez, Diputazioaren babesa erakusteko.

Akordio horretan ezartzen da Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzak 30.000 euroko ekarpena egingo duela, hiru helburu bermatzekoa asmoz: herritarrak sentsibilizatzeko emakumeek beren herriko jaietan berdintasun egoeran parte hartzeko duten eskubideaz; Irungo alarde mistoa antolatzeko eta, emakumeenganako indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko.

Garitanok esan duenez, "Irun eta Hondarribiko alarde mistoek aspaldi jaso behar zuten Gipuzkoako erakunde gorenaren laguntza, eta bidegabekeria historiko hori konpontzeko garaia iritsi da".

Hitzarmena honakoek sinatu dute: Martin Garitano aldun nagusiak, Laura Gomez Diputazioko Berdintasunerako zuzendaria eta Alardezaleak elkarteak, Irungo alarde mistoaren izenean. 

Laura Gomezek azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak konponbidea eman behar diola aspalditik datorren "eta enkistatuta dagoen" gatazkari". Zentzu horretan, gogor salatu du EAJ, PSE eta PP taldeek asteazkeneko Natzar Nagusietako plenoan izan zuten jarrera. Bertan, Bilduk eta Aralarrek Gipuzkoako festa guztietan emakumeek berdintasunean parte hartzeko eskubidea izan dezatela proposatu zutela azaldu du Gomezek, eta EAJ, PSE eta PPk honen kontra bozkatu zutela.

"Guk ez dugu beste aldera begiratuko emakumeen eskubideak eta, beraz, giza eskubideak, modu horretan urratzen ari direnean", azaldu du Diputazioko Berdintasunerako zuzendariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.