Gaur goizean, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak lan eskaintza publiko masiboa egingo duela: 330 lanpostu eskainiko ditu datozen hiru urteotan. Aldundiaren arabera, badira hamar urte halako lan eskaintza "masibo" bat ez dela egiten, eta azterketak pixkanaka deituko dituzte datozen hiru urteetan. Oposizioak, bereziki, lanpostu hauek hartuko ditu: administrazio orokorreko teknikariak, ekonomialariak, informatikariak, erdi mailako teknikariak eta administrariak, baina baita lanpostu espezifikoagoak ere: telekomunikazioetako eta bideetako ingeniaritza, nekazaritza, ingurumena, arkitektura, psikologia, erizaintza, kirolak eta gizarte lana. Lanpostuen erdiek baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako kualifikazioa izango dute.
Lasak gaineratu duenez, 330 lanpostu horiek sindikatuekin adostu behar dituzte oraindik. Ondoren, Diputatuen Kontseiluak, urrian oposizio horiek onartu, eta azarorako lehen oinarriak kaleratuko ditu. Era berean, 2018ko azterketak maiatzean edo ekainean egingo direla adierazi du. Bada beste berrikuntzarik ere: lehen aldiz, bereziki buruko desgaitasuna duten pertsonentzako hiru lanpostu eskainiko dira, desgaitasuna duten pertsonek funtzio publikoan parte hartzea normalizatzeko.