Ustezko haur lapurtuen auzia gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak Aldundiari eskatu dio senideei aholkularitza laguntza eman diezaiela, "egia jakin dezaten".
Amadeli Diaz Gipuzkoako haur lapurtuen elkarteko kideak gaur jakinarazi du herrialdean 320 salaketa jaso direla baina horietatik berrehun kasu daudela auzitegietan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 600en bat familiak esan izan dute 1940tik 1980ra bitartean haurrak lapurtu zizkietela.
Itsasondoko hilerrian ere ez zegoen bila zebiltzan umearen gorpurik
Itsasondon ere ez. Hau da, ustez hango hilerrian lurperatuta zegoen ume baten arrastorik ez dago. Atzo joan ziren ustezko gorpua hilobitik ateratzera, baina han ez zegoen hilotzik, gaurko El Diario Vasco egunkariak dakarrenez.
Haur lapurtuen auzian joan den astean Donostian gertatu zen beste kasu bat, Gipuzkoako Epaitegiak baieztatu zuenez: Polloe hilerriko hilkutxa batean ustez 34 urtean egondako gorpua ez zegoen. Ondorioz, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak ostiralean esan zuen ume lapurtuen auzian dagoeneko esan daitekeela delitua egon zela. Kasu hura izan zen Gipuzkoako Epaitegiak ume baten gorpua hilobitik ateratzeko emandako lehen baimena.
Donostiako kasu hartan, fiskalak azaldu zuen erietxeak sendiari esan ziola haurra hil egin zela jaiotzean eta orain aztertu egin beharko dela zer motako delitua egin zen orduan, kasuan zein medikuk eta erizainek parte hartu zuten... "Baina garrantzitsuena umea bizi den jakitea da".
"Gertatu dena zinez gogorra da. Haurra lapurtzea gauza bat da, baina nire gurasoek hileta elizkizunak eta guzti egin zituzten. Benetan barkaezina da", adierazi zion Donostiako ume haren sendi Okariz Sarriasek BERRIAri.