Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi du diputazioak EAEko Auzitegi Nagusiaren agindua beteko duela, baina oroitarazita agindu hori behin-behineko neurria dela. Behin betiko ebazpen bat izan arte panelak ez kentzea erabaki du aldundiak.
Euskal Herriko zenbait interesgune seinalizatzen dituzten panelak jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide sareko bederatzi tokitan, Udalbiltzak eginiko akordio baten ondorioz. "Nafarroarekiko probokaziotzat" jo zituen kartelak Nafarroako Gobernuak, eta auzitara jo zuen.
Auzitegiko Administrazio Auzietarako Aretoak, kautelazko neurri gisa, diputazioari agindu zion panel horiek kendu edo Nafarroako ikurra estaltzeko. "Alboko erkidegoaren ikurra" A-15 errepideko seinaleetan jartzea okerra izan zela adierazi zuen auzitegiak, Nafarroako hainbat leku "Euskal Herria-Basque Country" lelopean jartzeagatik.