Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio diputatuak eta Luis Intxauspe Udalbiltza Partzuergoko lehendakariak eta Alaitz Aizpurua lehendakariordeak bilera bat egin dute Donostian, diputazioan, "elkarlan instituzionala aztertzeko", Udalbiltzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Udalbiltzako ordezkariek Partzuergoaren jardueraren berri eman diete, baita lurralde kohesioaren inguruko programen eta bestelako egitasmoen berri ere. Intxauspek "eskertu" egin du ahaldun nagusiak egindako harrera, eta adierazi du bilerak bi erakunde publikoen arteko "harreman insttuzionala normalizatzeko" balio izatea espero duela. “Udalbiltza Partzuergoaren organoak berritu egin ditugu, eta gure helburuetako bat da harreman insttuzionalak normalizatzea erakunde guztiekin”.
Intxausperen iritziz, lan handia dago lurralde kohesioaren alorrean egiteko. “Gure herria herriago egiteko erakunde guztiok gure aletxoa jarri behar dugu”. Udalbiltza instituzioekin bilera sail bat ari da egiten, eta, adibidez, laster Bizkaiko eta Arabako aldundiekin ere biltzekoa da.