azpiegiturak

Gipuzkoako Aldundiak ez du Donostialdeko metroa egiteko dirurik emango

Larraitz Ugarte bozeramaileak esan du zalantza asko dituztela proiektuaren inguruan eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena den gai batean 350 milioi euro gastatzea gehiegizkoa dela. Ernesto Gasco Garraio sailburuordeak esan du zaila izango dela proiektua gauzatzea, 609 milioi euro kostako delako.

2011ko abenduaren 20a
16:25
Entzun

Gipuzkoako Aldundiak gaur jakinarazi duenez, ez du Donostialdean metroa egiteko dirurik emango. 350 milioi eurorekin zen parte hartzekoa Aldundia, baina Eusko Jaurlaritzarena den eskumen batean diru hori ordaintzea gehiegizkoa dela iritzi dio Aldundiak. Gainera, Larraitz Ugarte bozeramaileak esan du zalantza asko dituztela proiektuaren ingurua. Jaurlaritzak badu erabakiaren berri.

Ugartek aitortu du egoera ekonomikoak bultzatu duela erabakia, baina ez horrek bakarrik: "Eusko Jaurlaritza da inbertsioari aurre egin behar diona, hain estrategikoa dela iritzi badio". Hala ere, Jaurlaritzarekin hitz egiteko prest agertu dira beharrezkotzat jotzen duten proiektuen inguruan, hala nola, EuskoTren sarea berritzea eta tren zerbitzua autobus zerbitzuarekin lotzeko beharra.

Donostialdean garraio publikoa indartzeko diru asko inbertitu dela nabarmendu du Ugartek, eta zerbitzua ona dela. "Gipuzkoan bizi direnen beste %40ari ere eskaini behar diogu gure arreta", adierazi du. Horien artean Debagoiena eta Urola Kosta eskualdeak aipatu ditu, ez dutelako Donostiarekin zuzenean lotzen dituzten garraio publiko zerbitzuak.

Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde eta Donostiako PSE-EEko bozeramaileak kritikatu egin du Aldundiaren erabakia, eta "tren sozialari ezetz" esatea leporatu die. Ondoren aitortu du, ordea, 609 milioi euro kostako litzatekeela proiektua, eta Aldundiaren ekarpena gabe, zaila ikusten du Gascok proiektua gauzatzeko. Bere bulegoan eman du prentsaurrekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.