Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egin dio Kutxabankeko gizarte ekintzan parte hartzeari, BBK-k, Kutxak eta Vitalek osatu duten bankuak «bazterkeria politikoa» mantentzen duela argudiatuta. Gipuzkoako Aldundia ez ezik, Donostiako Udala ere ez zen egon Kutxabankeko gizarte ekintzaren datozen lau urteetarako plangintza zehazteko bileran.
Aldundiak jakinarazi du erabakiaren oinarrian EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPDk Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakia dagoela. Kutxen lege berria indarrean jarri arte oraingo zuzendaritza organoei eustea adostu zuten alderdi horiek. Kutxen batzarrak atzeratzeko erabakiarekin Bildu «erabaki eremutik» aldendu nahi dutela salatu du diputazioak, eta uko egin dio bilerara joateari.
Legebiltzarrean hartutako erabakiak Kutxabankeko administrazio kontseilua eratutakoan egin zen «bidegabekeria» handitu duela gaineratu du Gipuzkoako Diputazioak. EAJren eta PPren artean banatu zituzten kontseiluko eserlekuak, eta Kutxak zuen garrantzia txikitu egin zuten. Horregatik, aldundiaren ustez, egungo kontseiluak ez luke gizarte ekintzaren planifikazioa egin behar. «Hurrengo administrazio kontseiluak izan beharko luke planifikazioaren burua, eta ez Gipuzkoako indar politiko indartsuena baztertzea oinarri duen kontseilu bidegabe batek».
«Bizkarra errealitateari»
Donostiako Udala ere ez zen egon gizarte ekintzaren plangintza egiteko bileran. Kutxabankeko administrazio kontseilua eratzerakoan udalarekiko «begirunerik eza» izan zutela nabarmendu du, Kutxaren sortzailea den neurrian. Hortaz, kontseilu hori «errealitateari bizkarra emanez» egin zela argudiatu du udalak, eta bilerara ez joatea erabaki du.
Gaineratu du kontseiluak ez duela islatzen errealitate politiko eta soziala, eta nabarmendu du gizarte ekintzaren plangintza hori aintzat hartuko duen kontseilu bat egin beharko litzatekeela. Azkenik, Eusko Legebiltzarreko erabakiek egoera are gehiago zailtzen dutela esan du udalak.
Gipuzkoako Aldundiak ez du parte hartuko Kutxabankeko gizarte ekintzan
Gizarte ekintzaren plangintza hurrengo administrazio kontseiluak egin behar duela aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu