Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du martxan hondakinak gaika biltzearen garrantzia nabarmentzeko. Horren bitartez, aldundiak herritarrei jakinarazi nahi die gaikako bilketa gaur egun egiten ari dena baino "askoz hobeto" egin daitekeela. Gauzak ondo, zergatik ez? leloa daraman diptiko bat egin dute, eta Gipuzkoako etxeetan banatzen ari dira jada.
Aldunditik gaur azaldu dute iaz 225.000.000 kilo hondakin joan zirela zabortegietara, eta horrek guztira 32.000.000 euroko kostua izan zuela. Ekonomikoki ez ezik, ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldetik ere hondakinak hobeto kudeatzea "garrantzitsua" dela uste dute. Horregatik, "hondakinak murrizteari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari" garrantzia eman nahi dio aldundiak.
Gainera, Gipuzkoako herri askotan zero zabor politikak ezartzeko hartutako konpromisoa nabarmendu dute. “Aitzindariak izango gara, herri aurreratuenen pare jarriko gara. Hondakinen bilketa sistema eraginkorrenekin, konpostajea lehenetsiz, herri handiek zein txikiek birziklatzearen %80ko langa gaindituko dugu. Gure esku dago guk sortzen dugun arazoa konpontzea. Ingurumenak eta belaunaldi berriek merezi dute”, dio diptikoak.