Juan Carlos Alduntzin (Bildu) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak jakinarazi du Diputazioak oraingoz baztertu egiten duela errauste planta egitea. Izan ere, haren arabera, herrialdeko hondakinen gaurko plana 2008an idatzitakoa da eta ordutik "parametroak aldatu" egin dira, Usurbil, Oiartzun eta Hernanin atez ateko zabor bilketa dagoelako.
"Zabor gutxiago sortzen da. Beraz, zergatik tematzen gara errauste plana erraldoi bat egiten, hari elikagaia kendu behar badiogu?", esan du Alduntzinek gaur, EAJk eskatuta egindako agerraldian.
Ingurumen diputatuak azaldu du "eragileen artean gogoeta bat egitea beharrezkoa" dela. "Gobernu honek oso garbi du aurreko legealdian emandako dimentsioa eta konponbidea ez direla komenigarriak". Planta ”gaur egun planteatua dagoen bezala” ez dela egingo esan du.
Arantza Tapia EAJko batzarkideak adierazi du Bilduk ez duela ezer argitu gaur; "nahasmendua eta zalantza gehiago baino ez ditu eragin".
Joan den legealdian Zubieta Donostiako auzoan errauste planta egiteko lanak hasi zituzten. EAJ eta Hamaikabat zeuden Aldundiko agintean.