Gipuzkoako Aldundiak Praileaitzentzat aholkatutako babes gunea praktikan betetzen dela ziurtatu du Azkaratek

Kobazuloaren babes handieneko eremua 50 metrotik 100era luzatzea gomendagarri zela agertu zuen atzo Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuak. Izan ere, pitzadurak eta korrosio arazo larriak atzeman ditu aldundiak paleolitikoko aztarna baliotsuak gordetzen dituen haitzuloan. Praktikan 100 metroko babes eremu hori betetzen dela erantzun du gaur Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak; tarte horretan Sasiolako harrobiak ez duela jarduerarik egiten ziurtatu du.

2008ko ekainaren 5a
12:46
Entzun
Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak ez du ikusten Gipuzkoako Aldundiak atzo eskatu bezala Praileaitzeko kobazuloaren (Deba, Gipuzkoa) babes eremua zabaltzeko beharrik. Izan ere, Aldundiak gomendatutako eremu hori "praktikan" betetzen dela ziurtatu du Euskadi Irratian egin ditoen elkarrizketan. "Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu andreak atzo esan zuen 50 metrotik 100 metrora zabaltzeko, baina berak onartu zuen praktikan orain ere hor ez dagoela inolako jarduerarik (harrobiarenik)", esan du Azkaratek; "indarrean dagoen dekretuarekin eremu horretan ez dago jarduerarik", azpimarratu du.

Praileaitzeko kobazuloan duela 15.000 urteko margo eta aztarna baliotsuak aurkitu dituzte arkeologoek. Sasiolako harrobia dago haitzulotik hurbil, eta harrobiko lanek koba eta hango ondarea arriskuan jartzen dutela salatu dute hainbat erakunde eta kultur arloko eragile askok. Jaurlaritzak kobazuloaren inguruan ezarritako babes eremua eskasa dela uste dute, eta harrobia ixteko eskatzen.

Ildo horretatik, Gipuzkoako Diputazioak haitzuloari buruzegindako "ikerketa sakon" baten berri eman zuen atzo Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak Batzar Nagusietan. Margoak arriskuan jartzen dituzten korrosio arazoak eta pitzadurak atzeman dituztela agertu zuen. Arazo horiek ez zituen harrobiarekin lotu, baina Jaurlaritzaren dekretuak 50 metrotan ezartzen duen babes eremua 100 metrora zabaltzeko eskatu zuen.

Eskaera aztertuko dutela agertu du Azkaratek, baina Praileaitzen atzemandako arazoak harrobiarekin loturarik dutela ez dagoela frogaturik nabarmendu du. "Demostratu ez dena da harrobia itxita kobazuloa hobeto babestuta egongo dela, eta harrobi bat ixtea harrobi bat ixtea da", adierazi du Azkaratek. "Diputazioak egindako ikerketan badira guazak jarraitu beharrekoak, baina ez da argi ikusten, ez da inondik inora frogatuta geratzen, arazo horiek harrobiaren jardueraren ondorio direnik".

Praileaitzaren jarraipen eta zaintza Diputazioaren batera egiteko prest agertu da, eta, gainera, Ingurumen Sailak eremuaren zaintzan zer esanik baduela agertu du: mendi hegala babesteko neurria har dezakeela iradoki du, lehenago Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean egin zuen bezala.

Nolanahi ere, argi utzi du Jaurlaritzako Kultura sailburuak ez dutela harrobia ixteko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.