Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurako bigarren saioan izan da Xabier Isasi EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua eta, han, kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako “eredu aldaketari” babesa eman dio. Foru Aldundiaren oinarriak zerbitzu sozialei eustea, parte hartzea eta luralde oreka direla nabarmendu du Isasik, eta gastu soziala azpiegitura handien gainetik jarri izana txalotu du.”Guretzat zuzena da bide hori”. Oposizioaren jarrera kritikatu du, haren iritzian, krisialdi ekonomikoa “erabiltzen” ari direlako Foru Aldundiaren aurkako “apologia” egiteko. “Kalean ez da antzematen horrenbesteko tentsiorik. Gipuzkoak funtzionatzen du”.
Astelehenean egin zuten osoko bilkurako lehen saioa Batzar Nagusietan, eta gaur jarraituko du taldeen mozioen inguruko eztabaida eta bozketekin. Guztira, 120 mozio aurkeztu dituzte. Asteleheneko saioan bezala, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko plan bat aurkeztea galdegin diote EAJk eta PSE-EEk Martin Garitanoren gobernuari. Bilduk, berriz, eskatu dio gainontzeko taldeekin batera bide orri bat lantzeko, “independentzia helburu”.