poliTIKA

Gipuzkoako bakerako lantaldea irailean hasiko da martxan

Ordurako "egoeraren diagnostiko bat, erronkak, helburuak eta garatu beharreko eginkizunak" izango ditu. Aldundiak eta Batzar Nagusietako talde guztiek hartuko dute parte, PPk salbu.

2012ko ekainaren 25a
19:00
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietako bakerako, elkarbizitzarako eta normalizaziorako lantaldea irailean hasiko da lanean, gaur bertako kideek adostu dutenez. Ekainaren 11n erabaki zuten taldea sortzea Bilduk, PSE-EEk, EAJk eta Aralarrek; PPk aurka bozkatu zuen.

Lantaldeko presidentea Batzar Nagusietako Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordeko mahaiburua izango da: Rafaela Romero PSEko kidea. Bilduko ordezkariak Idoia Ormazabal eta Begoña Vesga izango dira, EAJkoak Markel Olano eta Eider Mendoza, PSEkoak Romero bera eta Lore Suarez, eta Aralarrekoak Rebeka Ubera eta Ernesto Merino. Aldundiaren izenean Martin Garitano diputatu nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendariak hartuko dute parte.

Lantaldearen arabera, irailerako "egoeraren diagnostiko bat, erronkak, helburuak eta garatu beharreko eginkizunak" izango dituzte.

Konfidentzialtasuna eta aho batez onartutako erabakiak izango dira talde txostengilearen lanaren oinarriak. Hala, bileren edukiak zein ponentziara gonbidatuko dituztenak talde guztien oniritzia jaso beharko dute. Bileretako lanak eta deliberazioak "era alderdikoi edo elektoral batean" ez erabiltzeko konpromisoa hartu dute.

Akordioan zehazten denez, lantaldeak izan nahi du "gailu erabilgarri bat" bakea, elkarbizitza eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko eta bermatzeko. Sustatzaileek nabarmendu dutenez, beste instituzio eta eragile batzuk egiten ari diren lanaren "osagarri" izango da euren lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.