Egunkaria auzia behin betiko artxibatzeko eskatu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba eta EBk ez ezik, PSE-EEk ere egin du horren alde. PP izan da erabakiaren aurka egin duen bakarra -EAE-ANV baliogabe jo zuen 2007ko hauteskundeetan Espainiako Justiziak-. Batzar Nagusietan onartu duten testuan ageri denez, Egunkaria auzia "ez dago Zuzenbidean oinarritua" eta horregatik Espainiako Auzitegi Nazionalari "kasua behin betiko artxibatzeko eta eragindako kalteak osatzeko" eskatu diote.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga itxiera kasuko auzipetuei elkartasuna eskaini diete EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba, EB eta PSE-EEk, eta haiek 2003an Egunkaria itxi zutenetik jasan behar izan dutenagatik kezka agertu dute talde politikoek.
Batzar Nagusietako hasierako eskaera Aralarrek egin zuen, hark gero EAJ eta Hamaikabatekin adostu zuen testua, eta gaur bozkatu dute.
Mikel Serrano PSEko batzarkideak gogoratu du Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak ez duela auzipetuen aurkako zigorrik aurkeztu eta auzian akusazio partikularrik ez dagoela. Egunkaria-ren itxiera "gehiegikeria" izan zela adierazi du eta, gainera, "luzatu" egin dela, zazpi urtera ari direlako epaiketa egiten. "Dena den, ekinbide judiziala ez da euskal kulturaren eta euskararen aurkakoa".
Epaia irakurtzen den egunean Batzar Nagusietako ordezkaritza Auzitegi Nazionalean izango dela ere onartu dute. Kasu horretan PSEk ez du alde bozkatu -PPk ere ez-.
Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak gaur adierazi du Justizia "botere independentea" dela eta, beraz, bere Ministerioak ez duela auziaz "ezer" esango.
Guardia Zibilak itxi zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz
Guardia Zibilak itxi zuen euskarazko kazeta, 2003ko otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria-k ETArekin zerikusia izan zuelakoan sorrera garaian. Auzibidean fiskalak kasua ixteko eskatu zuen, egunkariaren aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta, baina epaimahaiak ez zuen eskaera aintzat hartu eta joan den abenduaren 15ean hasi zuten epaiketa, Madrilen. Atzo egin zuten hirugarren saioa, eta hilaren 25ean segituko du.
Auzipetuek ukatu egin dute ETArekin lotura izan zutela eta lekuko gisa deklaratu duten euskal presoek berretsi dute erakunde armatuak ez zuela parte hartu egitasmoan. Guardia zibilek ez dute frogarik aurkeztu.
Auzibidean Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek baino ez dituzte egin zigor eskaerak.
egunkaria auzia
Gipuzkoako Batzar Nagusiek 'Egunkaria auzia' artxibatzeko eskatu dute, PSEk ere alde eginda
Sozialistek ez ezik, EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba eta EBk egin dute eskaeraren alde. Halaber, auzipetuei elkartasuna eskaini diete eta Espainiako Auzitegi Nazionalari "eragindako kalteak osatzeko" eskatu diote. PP izan da aurka azaldu den bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu